2011-03-17

Elektrizitatea: Beharra ala negozioa?



Japoneko ondamendia denon ahotan dabilen honetan, energiaren kontzientzia hartzeko aprobetxa dezagun behingoz!
Etorkizuneko bidea energia berriztagarrien ekoizle txikietan dago, batetik energia berriztagarriak sortu eta bestetik kontzientzia hartzeko balioko du. Hortik etorriko da energia aurrezteko kontzientzia, AUTOSUFIZIENTZIAtik!!
Udalak eredu izan behar du, eta eraikin publikoetan inbertsioak berak egin eta eraikin pribatuetan egitera lagundu edo bultzatu. Elgoibarko udalak planteatzen duen eraikin publikoetan inbertsio pribatuak ez dauka zentzurik! Borondatea diruarekin demostratzen da, eta hemen etxeak egiteko ikerketek daramate dirua!!!
Elgoibar energetikoki hobetzeko adibideak mila daude, adibidez, Maalako argiteriaren zati handi bat zerura alperrik galtzen da.Itxurakeriak utzi eta efektiboak izan gaitezen!
1000 etxebizitza berri proiektatu dira, baina kontuan hartu ote da 2020 urterako etxeek bete behar dituzten Europatik ezarritako baldintzak? Ez ote da hobe etxeak eraberritzen hastea berriak egin aurretik? Eraikuntza bioklimatikoak egitea eskatzen du legeak, teknologia honen gainkostua lehenengo urtetik aurrera amortizatzen dela diote gainera. Nora begira gaude? Noren interesak defendatzen? Imaz eta konpañiarenak ala herritarronak?

AHTren kontrako taldeak 2008ko urtarrilean bidali zuen testua gogora ekarri nahi dugu. Duela hiru urte idatzia izan zen, eta ordutik hona atzeraka goazela dirudi. Zenbat eta beranduago hartu erabakiak, orduan eta gaitzagoa etorkizuna. Noiz utziko diogu gure ondorengoen ondasuna hondatzeari?

2008/01/08an argitaratua
Energiaren arazoa: Egungo egoera (1.zatia) Azken aldian denon ahotan dabil energiaren arazoa. EAEko kasua aztertzen hasi ezkero, Eusko Jaurlaritzatik eta EEE-EVEtik autosufizientzia elektrikora iristeko pausuak ematen ari direla esaten dute eta egun kontsumitzen dugunaren %70 ekoizten omen dugu. Beste batzuk aldiz (energia arloan adituak diren baina interesik ez duten taldeek, euren artean Unibertsitateko irakasleak, UNESCOk, Sindikatuek, ekologistek, etab.) dagoeneko %100ean gaudela diote, hots, kontsumoa beste ekoiztera iritsi garela zentral gehiago eraikitzeko beharrik gabe. Azken horiek, gainera, argi uzten dute autosufizientzia elektrikoa eta autosufizientzia energetikoa bi gauza guztiz ezberdinak direla, bai gure kasuan behinik behin. Diferentzia lehengaietan dago. La Gaviotan zegoen gasa agortu zenetik, EAEn autosufizientzia energetikoa %5ekoa da, hots, energia berriztagarriek sortzen duten elektrizitatea. Gainerakoa kanpotik ekartzen diren erregaiek sortzen dute. Ezin dugu halabeharrez, energiaz hitz egin aldaketa klimatikoaz hitz egin gabe. Gainontzeko %95 horretan sartzen dira nuklearra, ikatza, petrolioa edo gasa erabiliz elektrizitatea sortzeko "enpresak". EAEn zorionez, ez daukagu nuklearrik (Garoña bertan egon arren), baina zoritxarrez ezin dugu gauza bera esan besteez. Guzti horiek, neurri ezberdinetan izan arren, negutegi efektu eragileak diren gasak isurtzen dituzte atmosferara. Argi dago ikatzezko zentral batek Boroakoa bezalako gasezko batek baino gehiago kutsatzen duela, baina bigarren horrekin ere negutegi efektuko gasak handitzen goaz, Kyototik inoiz baino urrunago!



Energiaren arazoa: Negozioaren arazoa (2.Zatia) Nafarroaren kasuak argi erakusten du egungo politikarien interesa. Eolikoen inpaktu bortitzak Nafarroa ia-ia autosufizientea izatera eraman zuen arren (Europa mailan eredu), ondoren, Castejon-eko zentral termikoak eraikitzearekin erakutsi dute elektrizitatea negozio hutsa dela, soberakinak nahita sortu baitituzte inguruko herrietara saltzeko. EAEn ere gauza bera egin nahi dute, soberakinak sortu, jendea gehiegi kontsumitzera ohitu ondoren betikoek poltsikoak bete ditzaten. Baina horrek desoreka sozialez gain biziraupena mugatzen du! Baina zein da energiaren arazoari irtenbidea? Batzuk diote Nuklearra dela denetan errentagarriena eta negutegi efektua gutxien eragingo lukeena, baina batetik inguruko herrietako minbizi tasa altuek (umeetan leuzemia kasuak eta nagusietan bularretako minbizi kasuak Garoñan), eta bestetik istripu nuklearrak edo 40 urtetako funtzionamenduagatik 10.000 urtetan erradiazioa emango duten hondakinak kontrolpean edukitzeak daukan kostua jasanezina da etorkizuneko gobernuentzat (kostu hori enpresek jasango balute!). Baina gauzek horrela jarraituz gero, laster baino lehen izango dugu berriz nuklearren mehatxua Kyotoren aitzakiaz. Beste batzuk diote energia berriztagarriak direla etorkizuna, baina karakateko kultur ondarearen gainetik? Mutrikuko saiakerak ere argi utzi du energia berriztagarriak ere baduela bere kostua, bestela galdetu inguruko herrietako biztanleei. Gauza bat argi dago, ez dagoela energia sortzeko era garbirik. Beraz, kontsumoa jaisteko neurriak hartzen ez badira, etorkizun beltza datorkigu gainera.



Energiaren arazoa: Denon erantzunkizuna (3.Zatia) Aurreko atalean argi geratu zen bezala, energia garbiena kontsumitzen ez dena da. Batetik norbanakook hartu beharreko neurri asko daude honi buelta emateko, beraz, energia kontsumoa jaistea behar beharrezkoa da. Gobernuen partetik benetako estrategia aldaketa bat eman behar da. Ezin da onartu inondik inora egun dagoen gehiago kontsumitzearen aldeko politika. Administrazioek AHT bezalako energia xahutzaileak debekatu beharko lituzke, Nuklearraren mehatxua saihesteko. Halere, hemengo agintariek aldaketa klimatikoaren alde AHT egitea proposatzen dute, non kontsumo neurriak frantziako TGVtik hartuta dauden, eta Frantzian elektrizitatearen %80 nuklearretik sortzen dute. Gainera arrazonamendu hau hipokresia hutsa da, AHT ez baitator hegazkina ordezkatzera, honen osagarri izatera baino! Beraz, energiaren arazoaren trilogia honen ondorio bezala zera diogu: Aldaketa klimatikorik, Nuklearrik edota mendien industrializaziorik nahi ez baduzu esan ez AHTri!!!

1 comentario:

  1. Artikulu honekin erlazio duen beste bi iritzi osagarri:

    http://bai.eusko-ikaskuntza.org/bloga/?tag=eficiencia-energetica

    ResponderEliminar