2014-10-30

103.589 ZORION

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako fracking-aren kontrako plataformak, pasa den larunbatean 103.589 sinadura aurkeztu genituen Gasteizko Legebiltzarrean, ingurumen eta osasunarekiko arrisku itzelak dakartzan teknika hau legez debekatzeko.
 
Pozik gaude Herri Ekimen Legegile baterako eskatzen dituzten 30.000 sinadurak aise gainditu ditugulako eta herriaren kontzientziazioa hazten ari delako.

Hausnar dezatela EAJ eta PSEko ordezkariek, fracking-aren alde agertu den gipuzkoar Udal bakarra Elgoibar izanik.
 
Eskerrak eman nahi dizuegu zuen sinadurekin FRACKING EZ esan duzuenoi, Elgoibarren milatik gora.
 
Kanpaina honetako puntu negatiboa berriro ere Udalak jarri du gure kartelak kenduz, adierazpen-askatasunari eraso eginez.


Astoaren lanak badu emaitza
 
Notizia honen oihartzuna:
Argian 
Berrian
Info7

Gasteizko legebiltzarraren gela honetan dago herritarron pisua

ZORIONAK ETA ESKERRIK ASKO. 30.000 eskatu 103.589 aurkeztu


Garaipen bat izan arren, bidea ez da hemen bukatzen. Oraindik ere FRACKINGaren arriskuan gaude, batez ere Elgoibarren. Ezagun batzuk eginiko bideo hau ikustera gonbidatzen zaituztegu arazoa hobeto ezagutzeko.



2014-09-08

Aupa Elgoibar!!

Elgoibarren.net-eko gure blogean aditzera ematen genuenez, Zer egin dugu horrelako agintariak merezi izateko?
2013ko abenduan Elgoibarko plenoan gertatutakoa azaldu genuen, Eibarren adibidez Sozialisten botoa alde eduki zuten Frackingetik libre dagoen udalerria izendatzeko, baina Elgoibarren sozialistek kontrakoa egin dute eta PNVren interesetan erori.


Konklusio lerdoa bada ere, inork pentsatu lezake Gipuzkoa Bilduren eskutan dagoelako dela. Begiratu dezagun beste probintzietako herrietara:

Arabako mapa ia kolore bakarrekoa da (eta ez dago kolore gorririk).


Bizkaiako mapa ere egiten ari dira. Zundaketa proiektuak eginak daudela ikustearekin batera ari dira Frackingaren inguruko informazioa zabaltzen, eta ondorioz, Frackingaren kontrako taldeak sortzen. 3 herri besterik ez daude Elgoibarko mailan udal erabakieri dagokienez.



Nafarroan ez daude proiektu asko abian, baina halere, herritarrak kezkatuak agertzen hasi dira

Iparraldea, Frantzia osoa bezela, Frantziako lege batek babesten du Fracking-etik.



Zuek Sustraia proiektua martxan jartzeko zundaketak egingo bazenituzte, Gipuzkoako ze herritan hasiko zenituzkete? Mapa hauek ez dute zalantzarako aitzakiarik uzten! Gure ustez Elgoibar da momentu honetan Gipuzkoa mailan Frackingaren ipurtzuloa, eta Euskal Herri osoan beste hirurekin lehian egongo litzateke.

Eskerrik asko Elgoibarko EAJ-PNV eta PSOE. Lan ona. Espero eskupeko edar baten truke saldu izana, bestela, zuenak bai ez daukala ez hanka ez buru.



2014-07-29

Gure Mendiak ez Ikutu! Uztailak 31 Fracking ez Gobeian eta Urbian

Ikusirik aurreko edizioetan izan duen arrakasta, eta Gipuzkoan ere Frackingaren mehatxua zabaldu dela, eta aurten Gipuzkoan ere kontrako erreakzioak ugarituz doazela, Gorbeian eta Urbian, bietan Frackingaren kontrako elkarretaratzeak egingo dira.
  • Noiz: Uztailak 31, 12:00etan.
  • Non: Gorbeiako puntan eta Urbiako fondan.
Urbiara taldean igotzeko, nahi duenak Arantzazuko Sindika aurrean egina dago hitzordua goizeko 10:00etan 
 
Info +  
 

2014-05-28

Frackingaren kontrako sinadura bilketa Elgoibarren

Haustura hidraulikoa (Fracking-a) EAEn debekatzea asmo duen Herri Ekimen Legegilea (HEL) sustatzeko sinadura bilketa martxan da azken hilabeteetan.
Elgoibarren zapatu honetan hilak 31 azoka egongo denez, sinadurak biltzen ibiliko gara kaleran, goizeko 11:00ak eta 13:00ak bitartean.
Animo, gerturatu eta sinatu zuk ere, interes ekonomikoen gainetik etorkizuna izan dezagun


Zapatuan ez bazabiltza hemendik eta sinatu nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan

Energia Berriztagarrien mugak ingurugiroarekiko

Elgoibarren.net-eko gure atarian aipatu genuenez, Irailean egin genituen Energia Burujabetza jardunaldiekin jarraitzeko, Arkaitz Iruretak berriztagarrien mugetaz hitz egin zigun.

Hasteko Berriztagarrien definizioa esplikatu zuen: Berriztagarriak dira fosiletatik ez datozen energiak. Halere, berriztagarrien artean badaude diferentziak, adibidez, ez da gauza bera garia xehetzeko errota txiki bat bere presa txikiarekin edo herri eta bailarak urpean hartzen dituen presa erraldoi bat. Biak berriztagarrien familia berekoak izan arren, ingurugiroari egiten dion kaltean oso ezberdinak dira. Preziski diferentzia honetaz jardungo dugu puntu honetan

Aurkezpen honekin hasteko, garrantzia handia eman zitzaion Biomasa deitzen dioten egurraren energia aprobetxatzeko moduari. Askorentzat sorpresa izan zen aurkezpen hau, badirudelako egun kanpaina bat dagoela Biomasan dena ona dela dioena, administrazioak ere hau bultzatzen ari dira, baina hemen ere oreka bilatu beharko litzatekela argi geratu zen. Izan ere, zein da energia sortzeko aukera honen errealitatea?

Pinudien esplotazioetako datu publiko askorik ez dagoen arren, Otazuak eginiko txosten bat oinarri hartuta, zera ondorioztatzen da: Hemengo orografia malkartsua eta eguraldi euritsua medio, bertako pinu esplotazioek kanpokoekin konpetitzeko arazoak dauzkatela prezioan. Akitaniako Landen 12 milioi hektarea lauak konpetentzia handiegia dira, eta hemengo pinudiak dibertsifikatzea izango litzateke aukera logikoena gure ustetan. Gainera, biodibertsitate eta basoen osasunaren ikuspuntutik Gipuzkoa Europako bataz bestekoaren oso azpitik dago, muga gorriaren azpitik. 
Horren adierazle dira monokultibo honek dakartzan arazoak; lurren azidifikazioa, izurriteak, suteen ugaltzea, etab. Arazoak denok jasaten ditugu eta sektoreak ekonomikoki galerak ez edukitzeko dirulaguntzen bidez mantentzen da. Garai batean pinua beste zerbait izan zen, baina gaur egun zuloa daukan saku batetara dirua botatzen ari garela iruditzen zaigu. Gure uste apalean, badaude alternatibak ingurugiroa ardatz hartuta ekonomikoki sustengarriagoak direnak etorkizuna bermatuaz.

(*badirudi azken aste hauetan bestelako notiziak datozela Gipuzkoako Foru Aldunditik, baina hitzaldia egin zenean hauxe zen ezagutzen zena)

Biomasa helburu energetikoekin erabiltzean CO2 Balantze neutroa dela diote (erretzean askatzen duen CO2a egurrak haztean xurgatu duenaren baliokidea dela), baina ez dela egia ere ikusi genuen, landaketa, jasotze eta eraldaketako CO2 kontsumoak ez direlako kontutan hartzen kalkulua egitean, ezta batzen den lekutik eraldatzen eta kontsumitzen den lekura arte dagoen garraioa ere, eta azken hau da klabea Biomasa ingurugiroaren aldetik jasangarria izateko, deszentralizatua eta lekuan lekukoa izatea, garraiorik apenas egoteko.

Horregatik, Biomasaren erabilera argi indarra ekoizteko helburuarekin ez dugu inondik inora onesten, horrek eredu zentralizatua eskatzen duelako inbertsioeri aurre egin ahal izateko. Izatekotan beroa eragiteko erabili beharko litzateke eta lekuan lekukoa, beste korronte batzutan eskatzen ari diren bezela.
(Aste batzuk beranduago Gipuzkoako Foru Aldundiko energia jardunaldi batzuetan Otazuak berak onartu zuen Biomasa argi indarra ateratzeko helburuekin ez dagoela arrazoitua Euskal Herrian).

Biomasaren inguruan gehiegi hitz egitea, bizi dugun momentuko beharra izan arren, gainontzeko berriztagarrien mugetaz ere jardun genuen:

Energiaren ikuspuntutik, lehentasuna aurrezpen eta efizientzia energetikoan egon behar da. Beti ere filosofia bera da: Kontsumitzen ez dena da energia garbiena.

Ondoren, kontsumitzen den hori sortzez Berriztagarria eta Garbia izan beharko litzateke, gure ustez. Energia berriztagarri garbietaz hitz egiteko beharrezkoa da Autosufizientziaz hitz egitea; era horretan ez dago zalantzarik naturarekin errespetagarriagoak izango direla berriztagarriok. Norbera bere baliabideetara mugatu behar denean efizientzia maila asko hobetzen da, alperrikako kontsumoak desagertzeraino.

Halere, horrekin bakarrik ezingo litzateke kontsumoa denontzat bermatu, beraz, kasuz kasu aztertu beharko da zein den egokiena, baina beti ere autosufizientziara bideratutako konbinaketa bat izan daiteke efizienteena.
Horregatik, Parke Eolikoetaz hitz egin beharrean, Errotez hitzegin beharko genuke, banaka (Europan badaude bakoitzak bere errota jartzeko esperientziak). Hidroelektrikaz hitzegin beharrean, Mini eta Mikrohidraulikaz (txikiaz), Eguzki baratzez hitzegin beharrean, teilatuetako eguzki plakez. Aukera horiek agortutakoan has gintezke baloratzen gainontzeko berriztagarrien ezarpena. Ezin da onartu enpresa handien irabazi handiak izatea instalazio horien helburu, Autosufizientziara bideratu beharko lirateke.

Gure bailaran, Deba behean aurkitzen den Mutrikun, itsas portuaren hazkunde desproportzionatu bat egin da. Portu horren muturrean olatuen indarra baliatuz argindar sorkuntza turbinak jarri dira. Honen gonbaraketa bat ikusi genuen:
  • 40 Milioi Euro xahutu dituzte dagoeneko Mutrikun, 296kwko zentrala eraikitzeko.
  • Deba ibaia Elgoibartik pasatzen den zatian 4 zentral hidroelektriko daude, 250 eta 621kw arteko potentziarekin bakoitza. 
Zentral hidroelektriko hauek momentu honetan Kaudal ekologikoa ez dute errespetatzen eta arrainen pasabiderik ez daukate (bitartean ez dira guretzat eredu), baina ikusten dugu hauetako zentral txikienaren antzeko sorkuntza ahalmena daukala Mutrikukoak, eta kostuak askoz handiagoak dira Mutrikun. Eta txarrena, ingurugiroarekiko kalte ikaragarria eragin duela Mutrikuko portu honek, eta orain entzuten dugu berriztagarrien izenean izan omen dela.
Kostua, ingurugiroari kaltea eta energia sorkuntza, hiru aldagaiak kontutan hartzeko eskatzen dugu instalazio berri bat egiten denean.
Mikrohidraulikan aditua den Gorkak (aurrerago edukiko dugu bere berri) ikerketa hau egin digu:
  • Gaur egun geldik dagoen Elgoibarko mikrozentral batean eginiko ikerketan 70kwko potentzia estimatzen du teknologia berrituarekin. 
Hauetako 4 zentralek Mutrikukoak beste energia emango luke, hauen inpaktua minimoa da (ez daude arrainak dauden eremuetan) eta kostuan erreparatuz gero, 340 mikrozentral egin ahalko genituzke aurrekontu berarekin!
Noski, ez administrazioek ez eta energia enpresa handiek ez dute interesik txiki hauetan, errentagarritasun txikia daukatelako, baina auzolanean kostuak gutxitu eta autokuntsumora bideratzea izan daiteke herritarron aukera.

Bukatzeko, Frackingaren inguruan aipamen bat egin zuen, baina hain gai konplexu eta berria denez, gonbidapena luzatu zuen Kultur etxean egon zen hitzaldirako.

Aurkezpenean erabilitako dokumentu osoa jarraian ikusi dezakezue:





2014-05-14

Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza aldatzea dela eta

Elgoibarren.net-eko gure atarian aipatutakoa

Aurreko larunbatean Apirilak 5, Gipuzkoako 16 natur talde eta erakunde ekologistek Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzarekin, eta zehatzago esanda, natur kontserbazioari eta bioaniztasunari lotutako gaiekin, legegintzaldi honetan izan dugun harremanaren balorazioa kaleratu zen. Bide batez, Berrikuntza, Landa-Garapena eta Turismo Sailean berriki egon den kargu aldaketa baloratzea ere dator jarraian.
  Okil Beltzak-ek ere testu hau sinatu du. Prentsan balorazioa egin aurretik esandakoak gezurtatu, eta gure jarrera zein den plazaratu nahi dugu honekin, lehenago ere zentzu honetan idatzi badugu ere.

  Bilduk Foru Aldundiko agintaritza aldaketaren izenean hartu zuela ikusita, Gipuzkoako mugimendu ekologistak elkarlanean aritzeko apustua egin zuen. Hamasei natur talde elkartu eta lanean hasi ginen Foru Aldundiaren arlo honetako Zuzendaritzaren kudeaketa beste norabide batean jartzeko.

  Hasieratik izan da bidea aldapatsua. Batetik, Sailen banaketa egiterakoan ingurumena bioaniztasuna eta natur kontserbaziotik bereizi zen, azken hau jarduera ekonomiko gisa planteatuz; bestetik, karguen izendapenak ikustearekin batera adierazi genuen zailtasunak aurreikusten genituela aldaketarako. Hain zuzen, egurgintzako interes pribatu jakinek bioaniztasunaren zaintzarekiko lehentasuna izaten jarrai zezaketelakoan. Hala ere, aurrera egin genuen, eta azken urte hauetan Gipuzkoako Foru Aldundian inoiz diseinatu eta garatu ez den natur kontserbazioaren aldeko plangintza egiteko oinarriak ezartzen saiatu gara.

 Proposamen ideologiko eta tekniko serioak, gaitasuna eta elkarrizketarako borondatea badituela erakutsi dugu. Ondare naturalaren kontserbazioa, defentsa eta berreskurapena ahalbidetuko duen kudeaketa-eredua ezartzeko bost txosten aurkeztu ditugu, eta dozena inguru bilera egin ditugu gure ikuspegiaren beharra eta zilegitasuna erakusteko. Bi dira ozen egin ditugun aldarrikapenak: (1) naturaren kontserbazioa eta ustiapena argi bereiztea aurrekontuetan, naturaren kontserbazioa helburu estrategiko nagusia bilakatuz, eta (2) natur ondarearen ustiapenaren plangintzan eragile sozialen (naturazaleak eta naturaren babeserako ekintzaileak) eta Udalen hitza aintzat hartzea. 
Egur-Lobby-en eragina
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak, nagusiki, bi lobbyen interesei erantzuten die, gure iritziz: (1) egurraren negozioan interesak dituzten baso-jabeen elkarteari (GEBE), eta (2) ehiza-federazioari. Baso zaleek eta ehiztariek beti izan dituzte ateak irekita Gipuzkoako Foru Aldundian, eta eurak baldintzatu dituzte sail honen norabidea, aurrekontua eta politika publikoak. Arlo horretan interes zuzena duten taldeak izanda, ulertzekoa da euren ikuspuntua kontuan hartzea. Baina, ezin da ahaztu guztiona den ondare naturala dela, biek ala biek, ustiatzen dutena, eta sail horrek kudeatu beharko lukeena: ibaiak, ura, lurzorua, kalitatezko paisaiak, basa fauna eta flora, basoak, larreak, beste habitat naturalak, prozesu ekologikoak … eta horretarako aurrekontu publikoak. Hori da Aldundiko arduradunei adierazten dieguna: guztiona den eta lehentasunez babestu beharko litzatekeen ondare naturala eta baliabide ekonomiko publikoak, gutxi batzuen interes pribatuen menpe jarri dituela. Lobby horien kudeaketa-eredua ez baita jasangarria, ez behintzat naturazaleon ikuspegitik.  
Baso-kontseilu berrian natur taldeak kanporatuta
 Baso zaleekin zuzena zen lehendik ere harremana, eta orain Baso Kontseilua sortu da baso zaleen elkartearen (GEBE), nekazal sindikatuen (EHNE, ENBA, zeinak lurjabe diren heinean, ezin dugun ahaztu ustiatzaileak direla) eta egurraren eraldaketa enpresen ordezkariekin. Natur taldeak ere partaide gara, baina azken bileran kanporatuak izan ginen. Aipatzekoa da sailean bertan lanean ari diren teknikariek, eta Mendi Ingeniaritza Eskolaren izenean kontseilu honetara aurkeztu diren agiriek arlo honetan egiten den kudeaketa nola justifikatzen duten. Baso-politika intentsiboaren ardatza den pinuaren gainbehera, eta horri lotutako negozioa, ezbaian egonda ere, status quo hau, gure ustez lotsagarria dena, defendatu eta diru publikoa orain arte bezala banatzearen alde egiten ari diren lana harrigarria da, zinez, gure iritzian. Baina ulergarria, euren negozio pribatuak bide honetatik baino ez direla errentagarriak ulertzen bada.

Basogintza-sektoreko elkarteek lantzen duten baso ustiapenaren eredua ez da jasangarria. Mendian irekitako ehunka kilometro pista, matarrasek eragiten duten higadura, espezie arrotzen monokultiboen landaketak mendiak basamortu ekologiko bihurtzeak … ez du zerikusirik naturaren kontserbazioarekin edo bioaniztasuna hobetzearekin. Eta ingurumena kaltetzen duten interes pribatu horiek guztiak, diru publikoz lagunduta daude, naturaren kontserbaziorako diru-laguntzen bitartez. Horrela uler daiteke sektoreko interesatuek egungo egoera aldatzeko adierazten duten beldurra, ustiapen hauek errentagarriak izateko diru-laguntza publikoen premia baitute. 
Ehiztariak kontserbazioaren kontura
 Ehiztariak, lotura zuzena izan dute beti sail honetako arduradunekin. Ehiza-federazioari eta baso-jabeen elkarteari milioika euro eman zaizkie, horrela, diru publikoa jarduera pribatuetarako desbideratzen delarik diru-laguntza nominatiboen bidez. Aitzakietako bat, nekazaritzan kalteak eragiten dituzten piztiak kontrolatzea ei da, baina hala balitz, diru-laguntza horiek nekazaritza sailetik bideratzea litzateke zentzuzkoena, gure ustez. Ehizaren inguruko kudeaketa naturazaleon bizkar (kontserbaziorako aurrekontuetatik) egin da. 
Partehartze publikoa bermatzea: Bioaniztasunaren Mahaia osatzearen eskaera
 Mendietako Zuzendaritzako parte-hartze publikoaren eredua (egurra, ehiza) lobbyen mesedetara eraikita eta egokituta dago: interes korporatibistak dituzten gutxi batzuek erabakitzen dute gipuzkoarren dirua nola kudeatu. Esan bezala, lobby horiena ez ezik naturazaleon ahotsa ere arlo honen kudeaketan aintzat hartzea izan da azken legealdi honetan egin dugun aldarrikapena. Horretarako, Bioaniztasunaren Mahaia sortzea eskatu dugu: guztion interesak ikusaraziko lituzkeen parte-hartze publikorako organo zabala egituratzea. Natur ondarea kontserbatzeko, ezinbestekoa da ustiapena eta kontserbazioa kontrajarriko dituzten begiradak eta diskurtsoak bateratzea. Bestela, natur ondarearen etengabeko galera pairatzen jarraituko dugu.
 Mahai horrek, ordea, ez luke zentzurik bertan urteko (eta urteetako) plangintzak aztertuko eta eztabaidatuko ez balira. Hau ere ametsa da gaur gaurkoz. Iaz sail horretako arduradunek plangintza baten egitasmoa aurkeztu baziguten ere, ia urtebete beranduago ez da ezertan gauzatu, eta larriagoa dena gure ustean, ez du aurrekontuetan eragin. 
Agintaldi honek kale egin du
 Agintaldi honetan ez genuen miraririk espero, baina posible zen, eta uste dugu zilegi dela aldaketarako oinarriak ezartzea. Gure aldetik ahalegina egin dugu. Prozesu luze honetatik gauzatu dugun lorpenik handiena Gipuzkoako natur kontserbazioaren eta ekologismoaren ahotsa bateratzea izan da. Ezagutzen ditugun talde guztiak batu gara, eta guztion artean partekatzen dugun diskurtsoa harilkatu eta proposamen zehatzen bidez bideratu dugu Gipuzkoako Foru Aldundira. Ez du balio gizarte eragileen aldeko diskurtsoak egiteak, aurrean daudenean aintzat hartzen ez badira. Horrela sentitu gara, eta horrela adierazten dugu.
Urte hauetan naturaren kontserbazioak ez du ia lekurik izan Gipuzkoako Foru Aldundian, eta ondare naturalaren defentsan, zaintzan eta kontserbazioan aritu beharko luketenak naturaren ustiapena kudeatzen ari dira. Hutsa, lehen sektorearen onerako eta gizartearen onurarako balitz, baina horretarako ere ez, lehen sektoreak bizi duen gainbehera ikusita. Baina, eredu honek badu alternatibarik. Natur eremuen zaintzatik bestelako inbertsioak eta lanpostuak eragin daitezke. Ingurumen enpresetan, I+G+i-ak, turismo jasangarrian aukera berriak, natur behatokiak, azterketak, argazkilaritza-molde berriak (birdwatching taxuzko ekimenak), edota gizartean eta hezkuntzan barneratuak dauden natur eremuekiko tailerrak (zeinak nekazaritza-eredu berriekin uztartu daitezkeen) ...
Naturaren eta basa bizitzaren kontserbazioaren arloan argi dugu legealdi honek ez duela aldaketarako aukera handirik eman orain arte. Dena dela, txalotzekoa da Mendietako eta Natur Inguruneko Zuzendariaren ordezkapena. Aldaketa horren hasiera bada, ongi etorria izan bedi. Baina, argi gera dadila, mendietako zuzendari berriarena bide baten lehen pauso gisa bakarrik uler dezakegula, eta jarraian helburuetan, planifikazioan eta organigraman aldaketak etorri beharko dutela, baita egun onartutako aurrekontu urrien tamainan eta norabide-aldaketa ere.
Zehazki, eta aurrekonturik ezean eragina sinbolikoa baino izango ez bada ere, legegintzaldi hau bukatu aurretik egin daiteke: Foru Aldundiko jabegokoak diren baso-eremuetan bioaniztasuna lehenetsiko duten plangintzak egin (monokultiboak kudeatzean natur balioen kontserbazioa lehenetsiz balizko errendimendu ekonomikoaren gainetik eta eremu horiek bertako espezieekin birlandatuz), babestutako eremuetako plangintzak Kontserbazio Bereziko Lekuen plangintzetara doitu eta eremu horietarako aurrekontuak zehaztu, eta bukatzeko, Bioaniztasunaren mahaia sortu.
•Bidelagunak izateko prest
 Ez dugu egindako bidea ezkortasunetik bizi nahi. Prozesu honek Gipuzkoako natur eragileak biltzeko balio izan du, eta elkartuta jarraitzeko asmoa erakutsi dugu. Gure lana da denon ondarea den natur kontserbazioko politika publikoen defentsa egitea, noski, ingurumenarekin benetan bateragarria den jarduera ekonomikoa ere sustatuz.

 Hala bada, Gipuzkoako Foru Aldundian ondare naturala, mendiak eta basa bizitza zaindu, kontserbatu edota berreskuratzeko bidean lana egingo duen arduradunik izendatzen bada, jakin beza bidelagun izango gaituela edo, bestela, aurrez aurre. 
Donostia, 2014ko apirilaren 5ean.

Kooperatiba energetikoak (SOM ENERGIA GARA eta GOIENER)

Elgoibarren.net-eko gure atarian aditzera eman genuenez: 
SOM ENERGIA kooperatiba energetiko katalana (edo bere filiala Energia Gara) eta GOIENER Goierrin sortutako kooperatibak izaera (biak dira Europako Rescoop elkarteko kide, beste batzuren artean) eta heburu bera daukate : Energia berriztagarria bultzatzea eta bide batez, Oligopolioaren (gutxi batzuren boterearen) alternatiba izatea.
 
Lehenik Jon Etxeberria Elgoibartarrak, ENERGIA GARAko bazkide danez, bere esperientzia kontatu zigun, eta ondoren Joanes Maiza GOIENEReko lehendakariak hartu zuen hitza

Jon Etxeberria ENERGIA GARAko aurkezpena egiten



Bi kooperatibok beraien filosofia, eta nola funtzionatzen duten azaldu ziguten.

Kooperatibak direnez, bazkideek erabakitzen dute norabidea urteroko asanbladan.
Hasi berriak diren arren, energia berriztagarriak bultzatzen dabiltza, eta mozkin guztiak berriztagarrien inbertsioetara bideratzen dituzte.
Beraiek ekoizten dutenaren gainetik saltzen dutenez, gainontzekoa soilik jatorri berriztagarria duteneri erosten diete. Lehentasuna lekuan lekuko sorkuntzek daukate (fotovoltaiko txikiak, ipar isurialdean hidroelektrika txikiak eta abar) eta hau gaur egun abantaila bat da, izan ere, berriztagarrientzat dirulaguntzak kendu bait dituzte, eta enpresa handiek eskaintzen ez dizkieten abantailak eskaintzen dizkiete ekoizle txikieri. 
Aukera honi eskerrak ez da berriztagarrietan desinbertsio bat egongo, handien eta gobernuen erabakien kontra (hau sakonago azalduko dugu hurrengo sarreran)


 
Nola izan kooperatiba berriztagarrien bezero?

Argi indarra kontsumitzeko lehenik bazkide egin behar zara 100€tako kuota ordainduta (bazkide izateari uzten badiozu bueltatzen dizute)
Horretarako beraien web orrian alta eman behar duzu lehenik: Kooperatiba gehiago ere badauden arren, bi hauekin zentratuko gara; Hemen GOIENERen kasuan eta Hemen ENERGIA GARAren kasuan nondik egin. Formularioa bete ondoren, email bat bidaltzen dizute hurrengo pausuen argibideak ematen.
Bazkide zenbakia ematen dizutenean, argi indarra erosi nahi baduzu, beste edozein banatzailetara aldatzean bezela (gas natural, iberdrola...) portabilidadea egiteko eskatu behar duzu, ondoren kontratua sinatzen duzu eta kitto. Zuk ez duzu beste ezer ere egin behar, beraiek arduratzen dira denaz.

Zerbitzua kaxkarragoa al da?
Kontratatzen duzun zerbitzua berdin berdina da. Bezeroak ez du hornikuntzan ezer ere igartzen (Iberdrolatik Union Fenosa edo beste edozein konpainiatara aldatzean bezela).
Maila indibidualean berdin berdina izan arren, jendartean igartzen da aldaketa, berriztagarriak bultzatzen ari zarelako, eta enpresa handiek prezioak maneja ez ditzaten pausu txiki bat egiten ari zarelako.
Zerbitzu administratiboa askoz hobea da, email bidez gauzak argitzen dizkizute, euskara hutsez nahi baduzu. Ez zaizu ohiko konpainietakoa gertatzen, erantzungailu automatikoarekin burrukatu ostean ez zerala ezertara iritsi konturatzen zarela, eta behin eta berriro saiatu behar zarela edozein zalantza edo erreklamazio egiteko.

Gainera, kontsumoa eta aurrezte energetikoaren inguruko gomendioak hileroko fakturan jakinarazten dituzte, helburua gutxiago kontsumitzea delako (kw garbiena kontsumitu behar izan ez dena dela pentsatzen dutelako beraiek ere, nahiz eta hori izan beraien negozioa)

Eta prezioan?
Poltsikoari dagokionez, energiaren merkatua hain dago arautua eta lotua, ez dela diferentzia asko igartzen tarifa normal batean, nahiz eta kasu gehienetan zertxobait gutxiago ordaindu. Aipatu behar da kooperatiba hauetan kontsumoari garrantzia handiagoa ematen zaiola tarifa edo peaje elektrikoari baino, eta beraz, gutxiago kontsumitzen duenak abantailak edukiko ditu.
Gainera, beraien bezeroentzat zerbitzu ezberdinak eskaintzen dituzte, adibidez, kontratatutako potentzia optimizatzeko aparailuak alokatu daitezke, azkenean, peajea potentziaren arabera ordaintzen bait da, eta kasu askotan kontratatutako potentzia handiegia da.
Halere, oraindik hasi berriak direnez, ez daukate konpainia handiek eskaintzen dituzten pakete ezberdinak.

Oferta konbinatua?
Ohiko galdera izaten da Gasa eta argindarra batera eskaintzen ote duten. Gasa ez da energia berriztagarria, eta beraz, gasik ez dute eskaintzen.


Deigarria egin zitzaigun GOIENERen kasuan Goierrin, Gipuzkoan sortu eta erdigunea bertan daukan kooperatiba bat izan arren, proportzioan Araban edukitzea bazkide gehien. Joanesen esanetan, Garoñaren gertutasunak eta Frackingaren mehatxuak zuzen jotzen duen herrialdea denez, berriztagarrietan kontzientziatuagoa dagoen jendaratea aurkitzen dela ondorioztatzen dute.
2014 urtearen haseran ere bazkide kopuruak nabarmen egin du gora kooperatibotan, eta horretan zalantzarik gabe, UNESA  osatzen duten enpresen tarifaren manipulazio susmoa atzetik dagoenez, jendeak protesta eta alternatiba modura aldaketa egin duela pentsatzen dute.

Horren haritik, martxan dagoen Desolbedientzia kanpainaren xehetasunak hemen. Tartean, energia berriztagarrien kooperatiba batetara pasatzeko deia egiten dute.

Goienerren adibidez, 2014 haseran 1000 bazkidetik gora ginen. Martxo haseran 1346 eta Elgoibarren dagoeneko 11. Deba barrenean Mendaron 2 eta Deban beste 2, Mutrikun 4, ...


GOIENEReko bazkide mapa 2014ko martxoan
 
Animo, egin zaitez berriztagarri kooperatiba batetako bazkide!

2014-03-04

Arcadio Benitez: Nire izenean ez!

Zaborren kontua tamalez gai politiko bihurtu dutela ikusita, eta Debabarrena mankomunitateko Arcadio Benitez gure, europaren eta zentzuaren kontrako norabidean doala ikusita, sinadura bilketa honekin bat egiten dugu: Arcadio Benitez, Nire izenean ez!
 Hurrengo herri hauetako batekoa ez bazara, baina hala eta guztiz lagundu nahi badiguzu, zabaldu ondorengo mezua lau haizetara.
Firma bilketa hau bakar bakarrik San Marko (Pasaia, Lezo, Oiartzun, Errenteria, Astigarraga, Donostia, Urnieta, Lasarte, Usurbil) eta Debabarrena (Mallabia, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba, Mutriku) mankomunitateetako herritarrei zuzendua dago.
  Aste honetan hainbat albiste irakurri eta entzun ahal izan ditugu Zubietako erraustegiaren etena dela eta. Dirudienez, San Marko eta Debabarrenako mankomunitateek auzitara eramango dute Zubietako erraustegiaren kontratuen etetea, 13 milioi euroko kalteordaina berreskuratzeko asmoz. Gipuzkoarron "interes orokorren aurka" omen doa erraustegia bertan behera uzteko ordaindu behar izan duguna. Agian bai. Erraustegia bera, baina, gipuzkoarron interes orokorretako bat al da? Lehentasuna al da?
Denis Itxasok (San Marko) eta Arcadio Benitezek (Debabarrena) dioten bezala hondakinen arazoa larria dela uste dugu, baina ez gatoz bat hauek kudeatzeko proposatzen dutenarekin, EZ DUGU ERRAUSTEGIRIK NAHI.
 Hondakinen kudeaketa sistema aldatu eta hierarkia baten aldekoak gara: 1. murriztu, 2. berrerabili eta 3. birziklatu, balorizazio guztien gainetik. Gipuzkoan hainbat herri dira zero zabor bidean, bilketa sistema aldatu eta hondakinak lehen gai bezala ikusten hasi direnak. Materia organikoa auzoan bertan konpostatzen dutenak eta honekin emaitza onak jaso dituztenak. Emaitza honenak horrela lortu direlako, SAILKAPENEAN OINARRITUTAKO SISTEMAREN ALDEKOAK GARA.
  Erraustegia hondakinen murrizketaren eta birziklapenaren aurka doalako esaten diogu EZ! Bere ahalmenaren gainetik aritzeko eta errentagarritasuna izateko zabor kantitate altuak eskatzen baititu. Eta sortuko dituen errautsekin ez dakigulako zer egin, edo zer egingo den, beste hamaika arrazoiren artean. Hondakinen kudeaketa planek gehiago birziklatu eta gutxiago erraustearen ildotik jarraitu behar dutela uste dugu. Gai hauetan azkenaldian albiste izan den Danimarkaren akatsetatik eta aldatzeko gaitasunetik ikas dezagun.
 Hau guztia kontuan izanik salaketa jarri dutenen mankomunitateko kide naizen herritar bezala, salaketaren aurka nagoela adierazi nahi dut, ez dut-eta honen helburuekin bat egiten. Ados bazaude, hemen sinatu dezakezu: NIRE IZENEAN EZ

Elgoibarko paradoxa

EAEn frackinga debekatzeko herri ekimen legegilea aurkeztu zuten egun berean, Elgoibarko udal plenoak PNV eta PSOEren botueri esker herritarrak defenditzeari muzin egin, eta enpresa pribatuen mesedetako testua adostu zuen, beste behin ere.
Nondik iritsi gara hona?
Ongarri zine klubari esker, Promise Land pelikula ikusi ahal izan genuen, eta haritik pixka bat gehiago tiratuz, azaroaren 7an Frackingaren inguruko hitzaldia egon zen Elgoibarren.
  BARRENen bidez birritan eta hitzaldian ondoren, Elgoibarrerako Fracking eskaera egina dagoela jakin genuen (Gipuzkoan dauden bi proiektuetako batean, Sustraia proiektuaren barruan)
  Horregatik, eta EHBildu talde politikoari esker, herri eskaria udal eskari izatera pasa zen.
Aurrekariak makina bat, urrutira gabe, Eibar Fracking gabeko herri izendatu zuten Sozialisten aldeko botuekin duela hilabete baino gutxiago. EAEn zehar alderdi hauek ere antzerako mozioak onartu dituzte
Eta Elgoibarren?
 EHBilduk Elgoibar Frackingik gabeko herri izendatzeko mozioa aurkeztu zuen ostegunean, abenduaren 19ko plenoan, baina esanda bezela, PNVren kontramozioa eta PSOEren babesarekin, Elgoibar Frackingaren kontra ez egotetik, EkoFRACKING aren alde dagoela argi geratu da.
Eta zer da EkoFRACKINGa?
  Asmatutako hitz bat da, baina PNV eta PSOE jokatzen ari diren terrenoaren adierazgarri da. Ez diote muzin egin nahi FRACKINGari, baina hain apostu arriskutsua dela oharturik, herritarrak masiboki kontran agertu direnez, ez dute hauteskundeetan herritarren babesa galdu nahi. Bai baina ez horretan dabiltza: Itxurakerian.
Frackinga frackinga da, sustantzia kimiko oso kutsagarriak erabiltzen dira beti eta oso arriskutsua da. Ez da EkoFrackingik existitzen, ez engainatu biztanleria! 





Garak gazteleraz publikatu zuenaren arabera laister hasi liteke EHn Frackinga
http://www.naiz.info/eu/hemeroteca/gara/editions/gara_2014-01-07-06-00/hemeroteca_articles/concluidas-las-pruebas-sismicas-se-acerca-la-hora-de-explorar-haciendo-pozos-para-el-fracking

Energia berriztagarriak eta efizientzia energetikua. Kontsumoa jeisteko instalatzaile baten aholkuak

Elgoibarren.nethttp://www.elgoibarren.net/content/view/4707/11/-en publikatutakoa
Txalet edo baserri batean adibidez, gasolio faktura jeisteko instalatzaileari energia berriztagarriak jartzeko eskatzea ohikoa da. (Helburua autosufizientziaruntz gerturatzea!)
Halere, instalatzaile arduratsu batek, lehenengo, kontsumoa jeisteko gomendioak eman beharko lituzke. Kw merke eta garbiena sortu behar izan ez dena delako.
Igorrek bere esperientzia zabalaren berri eman zigun, teorioaz haratago.



Ondoren, behar dugun energia sortzeko dauden teknika ezberdinez eta hauen konbinazioaz hitzegin zigun. Guzti honetan aditua da, eta oso hitzaldi praktikoa eskaini zuen.
Eguzki plaka edo haize errotez haratago, eskaintza zabalaren errepasoa egin zuen (Geotermia, biomasa, uraren erabilera zentzuzkoa eta abar luze bat). Are gehiago, ingurugiroarekiko errespetua eta bezeroen kostu eta errentagarritasunaren berri eman zuen uneoro.
Hemen Igorrek erabilitako aurkezpena



Hau guztia beste eskala batetara (bailara, herri eta nazio) guztiz estrapolagarria da

Auzolan taldea eta Energia lantaldea

Elgoibarren.net en publikatutakoa

Energia burujabetza jardunaldiekin jarraituaz, Auzolan taldeko Energia Lantaldeak hartu zuen hitza:
 
Auzolan taldea, garai batetako funtzionamendu parte hartzaile eta lekuan lekukoa balioan jartzen saiatzen ari da. Horretarako "Auzolanaren kultura Iraganaren ondarea, orainaren lanabesa, etorkizunaren giltza" liburuan, hots, Jasone Mitxeltorenak eginiko ikerketan oinarritzen da.

  Garai batean Auzolana eta Kontzeju edo Batzarrak ziren kolektiboki funtzionatzeko tresnak. Herritar guztiek zuten ordezkari bat bertan, eta lekuan lekuko beharrak asetzen ziren. Urteen poderioz, administrazioen esku uzten joan gara dena, eta egungo sistema guztiz aldrebestuta dago.

  Auzolan taldea martxan dagoen egitasmo bat da eta alor ezberdinak dauzka.
2011 urtean egin ziren lehenengo Auzolan topaketak Usurbilen. Handik gaur egun arte lekuan lekuko taldeak batzen eta lantalde ezberdinak osatzen joan dira.

  Lan talde ezberdinak hauexek dira: Etxebizitza, Hezkuntza, Osasuna, Elikadura eta Energia.
  Azken honi jarraipena emateko asmotan osatu genituen jardunaldi hauek Elgoibarren. Lekuan lekuko energi eskari eta eskaintza berdintzea dugu helburu eta parte hartzea ardatz, Sasi guztien gainetik sorkuntza igoaz, eta lainoetan dagoen kontsumoa jeitsiaz egingo bait dugu Energia burujabetzarako lekuan lekuko bidea.

  Eskala txikia da aproposena, etxe bakoitzak bere bidea egin behar du burujabetzaruntz, eta honen soberakin edo gabeziak albokoarekin konpentsatu. Horrela besterik ez dugu lortuko eskala txikiko burujabetasun energetikoa.
Zuhaitz formako analisia egingo dugu horretarako, hots, sustraiak energiaren historia izango lirateke. Enborra orain non gauden, eta adarretan, nora joan nahi dugun.

  Garai batetako energia iturriak lekuan lekukotasuna bilatzen zuten. Ez da alperrik Urolaren izena adibidez: Ur-ola. Ipar isurialdean, baliatzeko gaia da ur-jauziena, beti ere naturaren mugekin errespetagarria den bitartean.
Burdinolak ere aipagarri dira hemen, egurra eta ura zeudelako sortu bait ziren.
  Beraz, lekuan lekuko zuhaitz formako analisia egitera gonbidatzen zaituztegu.