2022-04-20

Demokraziaren izenean

 

Tapia legeak, Udaleri erabakitzeko eskumena kendu ostean, ospakizun betean datoz Jaurlaritzatik proiektu panpoxekin.

Hain ona bada eskaintzen dutena, zergaitik inposatzen dute, horretarako udalen erabakitzeko eskumena kenduta? 

Hurrengo egunetan informazio gehiago!

2022-04-10

Eolikoen mehatxua muskurutxun berriz ere

 

2013ko irailean, Energia burujabetza jardunaldiak antolatu genituenean Energiaren etorkizuneko arazoan sakondu genuen, eta honi demokratikoki erantzuteko proposamenak aurkeztu genituen, hau da, herritarrok eta ingurugiroak irabaziko luketen eszenatokiak ikusi genituen.

1998 urtean ere parke eoliko bat jartzeko mehatxua izan genuen. Orduan udaletxeko alderdi politiko guztiak aho batez proiektuaren kontra agertu ziren. Udalak ingurugiro ikerketa bat kontratatu zuen, eta emaitza ikusita Udala ere kontra posizionatu zen. Herriko beste hainbat eragile ere, proiektuaren kontra agertu ziren.

Orain, berriz ere, enpresa handien mesederako, ingurugiroari kalte handia eragingo dion proiektu bat aurkeztu dute, eta txarrena, energiaren arazoari ez diola irtenbide bat emango proiektu honek. Oinarrian irudi garbiketa bat besterik ez da (Greenwashing

Ozeanoaren erdian dagoen txalupa zaharra zulatzen ari da, eta zuloa itxi beharrean, ura ateratzeko ur-ponba berri bat da proiektu hau. Baina zuloa etengabe handitzen badoa, itsasertzera ez gara iritsiko horrela!

Indarrak zuloa istera bideratuko balira, etorkizun hobeago bat genuke herritarrok eta ingurugiroak.

Hurrengo egunetan egoeraren errepaso bat egingo dugu. 

Bitartean, informatzera eta karakate babesteko taldean parte hartzera animatzen zaituztegu

2016-01-24

Zabor tasa Debabarrenan %77,7 igoko da


GHKren tasen igoeraren eskandalua: errefusa %11, organikoa %44-%88

Argiako Zero Zabor blogean publikatutakoaren arabera: (Gainontzeko prentsan ez da erraza horrelako notiziak irakurtzea)
[Pello Zubiria Kamino]  Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak abenduaren 31an argitaratu zituen GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren 2016rako tasak. Horietan ezustekoa eraman dute organikoa ondoen biltzen duten herriek: GHKri entregatutako errefusaren tasak %11 igo dira eta, aldiz, organikoarenak %44 eta %88 artean.

GHKren lehendakari eta Gipuzkoako Ingurumeneko foru diputatu den Jose Ignacio Asensio Bazterraren sinadura daramaten aurrekontuetan tarifa bakar berria ezarri zaio bereizi gabeko azken errefusari: tonako 157,38 + BEZa. Errefusa 2013-2015 epean mantendu zenez tonako 141,64 eurotan, %11ko igoera berdina udal eta mankomunitate guztientzako.

Aldiz, bereizitako organikoaren tratamenduak askoz igoera handiagoa nozitzen du 2016an. 2012-2015 epean GHKk entregatutako tona organiko bakoitza 70,82 euro kobratzen zien bere bazkideei, horrela sustatuz gaikako bilketa selektiboa. Oraingo tarifetan, gaika bildutako organikoaren tasak eta errefusarenak hurbiltzen dira, horrek esan nahi duenarekin: organikoa zabor nahasietatik bereizita bildu eta konpostatzeko ahaleginak zigortu egiten da.

Tarifa berriak mankomunitateka sailkatu ditu GHKk eta honela pagatuko du bakoitzak: Debagoienak 102,30 euro (+%44,45), Sasietak eta Tolosaldeak 110,17 euro (+%55,56), Urola Erdiak 118,04 euro (+%66,67), Urola Kostak, San Markok eta Debabarrenak 125,90 euro (+%77,77) eta Txingudik 133,77 euro (+%88,88). Baina tarifen igoera ezberdinok nola erabaki ditu GHKk?

ARGIAk jakin duenez, mankomunitate bakoitzean biltzen den organiko guztia batuta, bakoitzak daukan kalitatea neurtu dute (karakterizazioa) eta organikoak dakartzan zikinkerien (inpropioak) edo garbitasunaren arabera finkatu dira prezio hauek. Aspalditik demostratuta dagoen arren derrigorrezko sistemetan (Atez Atekoan bidenabar) bildutako organikoa askoz garbiagoa izaten dela borondatezkoetan (bostgarren edukiontzia) bildutakoa baino, mankomunitate baten barruan herri guztietakoa nahastu eta horien emaitzan oinarritu dira GHKko agintariak prezio berriak jartzeko.
GHKk zigor doblea ezarri die, beraz, hondakinak kudeatzen onenak diren herriei eta herritarrei. Alde batetik, askoz gehiago igo berezitako organikoaren tasak errefusarenak baino. Bestetik, organikoa bera txukunen bereizten dutenak (Atez Atekoarekin) parekatu bermerik gabeko sistemekin (5. edukiontzia) biltzen dutenekin.

2015-10-01

#OligopolyOFF: Hasia da herritarron energia-iraultza.

Espainiako Sexta telebista kanaleko Salvados (Jordi Evole edo folloneroren) programak hasi zuen bidea Oligopoly dokumentalarekin. Energien oligopolioaz berba egiten zuen. Programa honen ondorioz, aurkezleak arazoak eduki zituela zabaldu zen.

Herritar talde batek dokumentalaren bigarren zatia ere egin zuen, gure blogean honen berri ere eman genuelarik: Oligopoly 2

Eredu Energetiko Berrirako Plataformak hirugarren dokumental bat egin eta Maiatzean herri ezberdinetan aurkeztu: Oligopoly Off

Gaurkoan honen berri eman nahi dizuegu:

Fitxa teknikoa


Izenburua: #OligopolyOFF: Hasia da herritarron energia-iraultza.


Zuzendari eta gidoilaria: Alba del Campo.

Ekoizlea: Plataforma por un Nuevo Modelo Energético.


Iraupena: 90' (gutxi gorabehera)


Laburpena: Energia-pobreziaren areagotzeak, elektrizitate eta gas fakturen igoerak eta energia berriztagarriek jasandako laguntza murrizketak arduratuta, Plataforma por un Nuevo Modelo Energético-k Espainian bizi dugun energia egoera plazaratzen du dokumentalean, baita politika energetikoak oligopolio energetiko fosilaren interesen menpe daudela ere.


Enpresa horiek gobernu nazional zein lokalak beraien irabaziak bermatzera bultzatzen dituzte, ondorioz herritarroi energia ekoiztu eta erabiltzeko eskubidea ukatuz eta aldaketa klimatikoa saihesteko behar beharrezkoak ditugun politika energetikoei bidea oztopatuz. Dokumentalaren izenburuak argi eta garbi adierazten du plataformaren xedea:  oligopolioaren bukaera. 


Azken 30 urtetan aldaketa klimatikoari aurre egiteko hartutako konpromiso ahulek nabarmen uzten dute erronka ez dela ez teknikoa ez teknologikoa, enpresa batzuek duten boterea baino, Kiko Veneno abeslariak dokumentalean dioen moduan, ‘Lur Planetaren jabe izateari uztea baino planeta txikitzea nahiago duten enpresen’ boterea alegia.

#OligopolyOFF hiru ataletan banatzen da: lehendabizikoa energia-pobrezian zentratzen da; bigarrena, politika energetikoek estatuan sortarazten dituzten gatazka ezberdinetan; eta azkena, energia berriztagarrietan eta energiaren burujabetzan oinarritutako ereduranzko trantsizioren alde lan egiten duten herritar ekimenetan.


Kanarietako prospekzioak, fracking-a, Cuencan Villar de Cañas-en hilerri nuklearra eraikitzea, energia berriztagarrien laguntzen murrizketa, Castelloko Castor proiektua edo PP eta PSOE-k sektore elektrikoko enpresei egindako 3.400 milioiko opariak  politika energetikoei buruzko eztabaida mahai gainean jarri dute. Hidrokarburoen enpresentzat ‘negozio aukera’ da, enpresa elektrikoentzat ‘zilegi dituzten irabaziak’ defendatzea, herritarrontzat aldiz ur-edangarria, lur eta airearen kalitatea, energia izateko eskubidea, enplegua eta negozioen bideragarritasuna arriskuan jartzea. Argiaren prezioak gora egiten du guztiontzat, baina batzuentzat besteentzat baino gehiago.

#OligopolyOFF-en ikus daitekeenez, politika energetiko suntzitzaileen aurkako borrokak lurraldearen defentsa Espainiako herrien duintasunaren aldeko borroka bilakatu du. Alternatiba argi dago, petroleoari EZ ohikuatzen zaion tokietan, herritarren apustua BERRIZTAGARRIAK BAI da.


Borroka guztiak uztartu egiten dira #OligopolyOFF-en eta bat egiten dute desiragarriagoa, posiblea eta kontsumitzaileentzako ekonomikoagoa den irtenbide baten alde. Bai, ekonomikoagoa da, ozen eta behar beste aldiz errepikatu beharko dugu argumentu hau, oligopolioko enpresek diru asko inbertitzen baitute guztiok kontrakoa sinets dezagun.


‘Nola izango da ba merkeagoa dutxako ura 4.500 km-tatik ekarritako gasarekin berotzea eguzkiaz eta 5 m-tara dagoen plaka baten bidez egitea baino?’ galdetzen die Manel Riverok DBH-ko ikasle batzuei zera gehituz: ‘Enpresa gutxi batzuentzako irabazi multimilionarioak sortzen dituen eredu bat saldu digute, baina badira beste eredu batzuk ere’.

Horregatik, hirugarren atala beste eredu batzuei, aldaketa eta eraldaketa adibideei dedikatua dago. Horietan herritarrak dira erabakiak hartzen dituztenak, kontsumitzaile kooperatiben edo energia kooperatiba berdeen kide dira, elektrizitatea zein beroa ekoizten duten enpresen jabe, burujabetza energetiko berriztagarriarentzako proiektuen partaide, udalherrian energia kontsumoa murrizteko proiektuen bultzatzaile... Proiektu jasangarriak energia jendearen eskuetan uzten dituztenak.

Iturria: http://gureenergia.blogspot.com.es/2015/04/oligopolyoff-documental.html


 


2015-08-27

AHT-ra doaz Hego Euskal Herrian Espainiako aurrekontuen zati handiena

Barrenen publikatuta
Abuztuan kasu askorik egin gabe pasatzen diren berri horietako batek atentzioa deitu digu.

Berrian zera irakurtzen genuen:
Hego Euskal Herrirako gorde duen diruaren erdia baino gehiago abiadura handiko trenaren (AHT) obretarako izango da. Hain zuzen ere, 327 milioiko gastua aurreikusi du Madrilek: 290,8 milioi Euskal Y-aren obretarako, eta 36,3 milioi Castejon-Iruñea zatia egiteko

Argian ere bazetorren notizia: 

EAErentzako eta Nafarroako Foru erkidegoarentzako diru partiden %58 AHTren eraikuntzara bideratu dute.
...
Helburu argia du igoerak: 290 milioi euro, hau da, aurrekontuaren %80, Euskal Y proiektuak jasoko du.

Bermejok argitaratu zuen lehenengo txosten ekonomiko hartatik (EAEn AHTk edukiko zuen inpaktu ekonomiko ezkorrarena), bata bestearen atzetik atera dituzte, tartean Nafarroako Haren ingurukoa, eta beste hainbat. Azkena kanarietako unibertsitateak ateratakoak zera dio:
Ofelia Betancor eta Gerard Llobet ikerketaren egileek adierazi dute abiadura handiko lineak eraikitzen jarraitzeko motibazio bakarra politikoa dela, eta ez ekonomikoa: “Justifikazio ekonomikoaren gabeziak behartzen gaitu pentsatzera bestelako motibazioak daudela azpiegitura hauen eraikuntzan, hala nola, ustez gobernuei ematen dizkien onura politikoak”.

Bide batez, bidezko ikusten dugu gogoratzea zer dagoen AHTren atzean. Argiako beste artikulu honetan diotenez:
AHT egiteko argudio nagusietan “garapena” (hitz lausoagorik?), aberastasuna, lan aukerak… entzun izan ditugu, eta eraikuntza lan honen arduradunek bermatu eta gardenki aurkeztu beharko lituzkete berau egiteko erabilitako lan baldintzak...
+12 orduko lanaldia astelehenetik larunbatera (igandea soilik jai eginez) eta hilean 1.300 euroko soldata, garraio eta bazkari gastuak, noski, langilearen kontura.
+hilabeteko topografo lana, 10 orduko lanaldiarekin, 900 euro gordin ordaindu dizkiote beste langile bati.

Beste blog honetan beste hau ere irakur liteke:
«AHTko lanetan izaten diren lan baldintza kaskarren eta esplotazioaren» inguruan Eusko Jaurlaritza «ez ikusiarena» egiten ari da.
... 
Antzeko salaketa egin zuen duela urtebete ELAk, eta orduan esandakoak berretsi ditu orain ere. Hain zuzen ere, eraikuntzako lan hitzarmena urratu izana leporatu dio ETSri. Izan ere, abiadura handiko trena eraikitzeko lanetan jardunaldi «neurrigabeak eta legez kanpokoak» egiten ari direla dio sindikatuak. Horren adierazgarri da batzuetan beharginek hamazazpi orduko lanaldiak egitea, eta hamabi ordutik gorako lanaldiak «ohikoak» izatea.
Lanaldiak luzatu beharrean, gainera, zortzi ordutik beherako ordutegia behar zela ohartarazi zuen duela urtebete sindikatuak. Izan ere, lan bereziki toxiko edo arriskutsuetan lanaldia %20, %25 edo %30 laburtu behar dela ohartarazi zion ETSri. Baina esaten zutenaren aurkakoa egiten zutela salatu zuen ELAk.
...
AHTa eraikitzeko obretan gutxienez zazpi lagun hil dira azken bost urteetan, eta beste zenbait zauritu dira.

Artikuluak aipatzen duen bezela, AHTko lan baldintzez badakiguna, idatzita

2015-07-07

FrackAnpada Uztailaren 13tik 19ra

Uztailaren 13tik 19ra Gasteiz alboko Subijanan FrackAnpada ospatuko da. Egitaraua eta programazio guztia FrackingEz-en aurkitu dezakezue 



Topatun jartzen duenaren arabera, Mundu mailako 50 kolektibo bilduko dira uztailaren 13tik 19ra Subillan egingo duten ‘Frackanpadan’. Mundu osoko 100 hizlaritik gora bilduko dira
frackanpada_2015_gasteiz

Guztira 65 ekitaldi inguru antolatu dituzte: hitzaldiak, tailerrak, mahai inguruak, proiekzioak, antzerkia, kontzertuak etab.

Antolatzaileen esanetan, nazioartean “parekorik ez duen” foroa izango da, eta mundu osoko 50 kolektibo inguru bilduko dira; gehienak Europakoak, baina baita ere Amerika, Afrika zein Asiakoren bat.

Mugimenduei beharrezko tresnak eskaintzea izango da kanpaldiaren helburuetako bat: jakintza eta ezagutza praktikoa zein teorikoa. Bide horretan, ‘fracking’-aren aurkako borroka interesatzen zaien mugimendu eta norbanako guztiak deitu dituzte parte hartzera.







Hemen bideoa



Hedabide ezberdinetan ikusi ahal izan dugun bezela, momentu berezian dator akanpada, Frackinga eragozten duen legea onartu berri duelako Eusko Legebiltzarrak
Berriako notizia
Argiako notizia

Baina legeak lege, iritziak iritzi, Frackinga bere kabuz ondoratuko den teknika bat dela gero eta argiago ikusten da adituen esanetan.
Argiako Larrun aldizkariko artikulu honetan irakurri daitekeenez Frackingaren Burbuila husten hasia dago.  
...Bestela esanda, erreserbak eta baliabideak ez dira gauza bera, sarritan nahasi arren. Baliabidea dagoen guztia da; erreserba, berriz, ustiatu daitekeena, eta hori faktore ekonomikoen menpe dago. “Funtsean, Energi Itzulera Tasa (EIT) on bat izatearen menpe”, azaltzen du Antonio Turielek.

Denok ulertzeko bezela esanda, Frackingaren errentagarritasun energetikoa (EIT) oso baxua da, eta ondorioz, ekonomikoki ez da errentagarria, beraz, prezioak puztuta, burbuila dago. Espekulazioak ezin du asko iraun. Burbuila hustean errentagarritasun ekonomikoa pikutara joango da. Hori lekuan leku ingurugiroan sortutako kalteak kontutan hartu gabe.

Frackingari buruz informazioa zabaltzea da Frackinga gelditzeko era eraginkorrena. Fracking ez hemen eta ezta inon ere.

2015-05-15

¨Zure botoa; Fracking ez¨ kanpainaren emaitzak



Kanpaina abiatu genuenean iragarri bezala, azken asteotan datuak biltzen ibili gara, eta hona hemen lortu ditugun emaitzak.



EAEko hiru lurralde historikoetan ematen hari diren prentsaurrekoetan balorazio orokor txiki bat egingo da, hala nola foru aldundiak zuzentzeko hautagaiei buruzko datuak. Lurralde historiko bakoitzean euren herrietako alkategaien datuak eskeiniko dira.

Lehenbizi, azpimarratu nahi dugu oro har, kanpaina arrakastatsua izan dela, eta EAEko herrietako hautagai gehienengana heldu garela gure eskariarekin. Mobilizazio handia lortu dugu, bai fracking ez mugimenduko jendearena bai eta era partikularrean lagundu diguten herritarrena ere, frackingaren kontrako konpromezua euren herrietan zabaltzen lagunduz. Horregatik, zoriondu nahi ditugu frackingaren kontrako konpromisoa eskatuz, herriz herri ehunka hautagiengana joan diren lagun guztiei. Frackinga hautagai gehienen agendan sartzea lortu dugu, hauteskunde kanpainan eta hautesle askoren buruetan.

Azpimarratzekoa da ere, alderdi politiko ezberdinen estrukturekin kontaktuan jartzeko izan ditugun oztopoak. Alderdi batzuek, konpromisoa hautagaiengana heltzeko euren aldetik jarri dute, beste alderdi batzuekin berriz oso zaila izan da edo ezinezkoa. Laburpen gisa esan dezakegu, EH Bildu, Podemos eta Irabazik lana erraztu digutela, eta konpromisoa estrukturalki hartu dutela eta beste alderdiekin zailagoa izan dela.

Zenbait alderdirekin izan ditugun zailtasunak direla eta, ahaleginak bikoiztu behar izan ditugu hautagai bakoitzaren konpromisoa lortzeko, eta ibilbide honetan kontraesan batzuk ikusi ditugu alderdien jarrera orokorra eta zenbait hautagaien jarreraren artean. Eta hau da azpimarratu nahi dugun hirugarren puntua izan ere alderdiek daukaten jarreratik haratago, erakunde ezberdinetatik konpromiso pertsonalak hartu daitezke frackingaren kontra eta zulatzaileen lana oztopatu.

Azkenik eskerrak eman nahi dizkiegu konpromiso pertsonala hartu duten hautagai guztiei. Espero dugu, hartutako konpromisoak praktikan jarri behar izatekotan, sorpresarik ez egotea, beharrezkoa ikusten dugun bakoitzean hartutako konpromezua betetzeko eskatuko baitugu.

Batzar nagusietako datuak emango ditugu orain.

Arabako emaitzak
 Konpromisoa sinatu duten talde politikoak batzar nagusietan
Ramiro Gonzalez
PNV
Kike Fernandez de Pinedo
EH Bildu
Cristina gonzalez
PSE
Jose Damian Garcia-Moreno
IRABAZI
Koldo Martin
Podemos
Ana Unibaso
IKUNE

Konpromisoa sinatu EZ duten talde politikoak
Javier De Andres
PP
Nicolas Gutierrez
UPyd
Miguel Angel Carrera
Ciudadanos

Bizkaiako emaitzak
Konpromisoa sinatu duten talde politikoak batzar nagusietan
Josu Imanol Unanue
EH Bildu
Carlos Totorica
PSE
Asun Merino
Podemos
Aitor Urresti
Irabazi

Konpromisoa sinatu ez duten talde politikoak batzar nagusietan
Unai Rementeria
PNV
Javier Ruiz
PP
Santiago Sainz
Ciudadanos
Roque Adrada
UPyD

Gipuzkoako emaitzak
Konpromisoa sinatu duten talde politikoak batzar nagusietan
Xabier Olano
EH Bildu
Juantxo Iturria
Podemos
Arantxa Gonzalez
Irabazi
Denis Itxaso
PSE

Konpromisoa sinatu ez duten talde politikoak batzar nagusietan
Juan Carlos Cano
PP
Markel Olano
PNV
Manu Agirre
UPyD

Gu Gipuzkoakoak izaki, lurrazalaren %40a frackingaren meatxupean daukagu. Hori dela eta, lurraldeko hautagai politiko guztiekin harremanetan jartzen saiatu gara, frackingaren inguruan duten iritzia jakin, frackingaren aurka konpromisoa hartzeko eta sinatzeko prest egongo ziren edo ez jakiteko. Bestalde harriagarria egin zaigu gai honen inguruko dagoen ezjakintasuna hautagai batzuen partetik.

-EH Bilduk talde gisa sinatu du, hautagai guztiak barnean geratu direlarik.
-Irabazik talde gisa sinatu du, hautagai guztiak barnean geratu direlarik.
-Podemosek talde gisa sinatu du, hautagai guztiak barnean geratu direlarik.
-PSEk talde gisa sinatu du, baina hautagai bakoitzak independienteki aukeratu du sinatu ala ez. Adibidez Donostiako hautagaiak ez du sinatu konpromisoa.
-UPyDk ez du sinatu.
-PPk ez du sinatu.
-EAJ-PNVk ez du sinatu.

Ikusi dugun moduan Gipuzkoan indarrak nahiko banaturik daude, baina gure ustetan honen erantzule nagusia, dagoen ezjakintasuna da, bai politikoen aldetik eta baita herritarren aldetik ere. Horregatik irmo esaten dugu lanean jarraituko dugula gipuzkoar orok frackinga zer den jakin arte eta gaiarekiko kontzientzia kritiko bat sortu arte.

Fracking ez hemen eta ez beste inon!! 

lotura duten albisteak:
Fracking ez webgunea
Berria 
Tolosaldeko Ataria

2014-10-30

103.589 ZORION

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako fracking-aren kontrako plataformak, pasa den larunbatean 103.589 sinadura aurkeztu genituen Gasteizko Legebiltzarrean, ingurumen eta osasunarekiko arrisku itzelak dakartzan teknika hau legez debekatzeko.
 
Pozik gaude Herri Ekimen Legegile baterako eskatzen dituzten 30.000 sinadurak aise gainditu ditugulako eta herriaren kontzientziazioa hazten ari delako.

Hausnar dezatela EAJ eta PSEko ordezkariek, fracking-aren alde agertu den gipuzkoar Udal bakarra Elgoibar izanik.
 
Eskerrak eman nahi dizuegu zuen sinadurekin FRACKING EZ esan duzuenoi, Elgoibarren milatik gora.
 
Kanpaina honetako puntu negatiboa berriro ere Udalak jarri du gure kartelak kenduz, adierazpen-askatasunari eraso eginez.


Astoaren lanak badu emaitza
 
Notizia honen oihartzuna:
Argian 
Berrian
Info7

Gasteizko legebiltzarraren gela honetan dago herritarron pisua

ZORIONAK ETA ESKERRIK ASKO. 30.000 eskatu 103.589 aurkeztu


Garaipen bat izan arren, bidea ez da hemen bukatzen. Oraindik ere FRACKINGaren arriskuan gaude, batez ere Elgoibarren. Ezagun batzuk eginiko bideo hau ikustera gonbidatzen zaituztegu arazoa hobeto ezagutzeko.



2014-09-08

Aupa Elgoibar!!

Elgoibarren.net-eko gure blogean aditzera ematen genuenez, Zer egin dugu horrelako agintariak merezi izateko?
2013ko abenduan Elgoibarko plenoan gertatutakoa azaldu genuen, Eibarren adibidez Sozialisten botoa alde eduki zuten Frackingetik libre dagoen udalerria izendatzeko, baina Elgoibarren sozialistek kontrakoa egin dute eta PNVren interesetan erori.


Konklusio lerdoa bada ere, inork pentsatu lezake Gipuzkoa Bilduren eskutan dagoelako dela. Begiratu dezagun beste probintzietako herrietara:

Arabako mapa ia kolore bakarrekoa da (eta ez dago kolore gorririk).


Bizkaiako mapa ere egiten ari dira. Zundaketa proiektuak eginak daudela ikustearekin batera ari dira Frackingaren inguruko informazioa zabaltzen, eta ondorioz, Frackingaren kontrako taldeak sortzen. 3 herri besterik ez daude Elgoibarko mailan udal erabakieri dagokienez.



Nafarroan ez daude proiektu asko abian, baina halere, herritarrak kezkatuak agertzen hasi dira

Iparraldea, Frantzia osoa bezela, Frantziako lege batek babesten du Fracking-etik.



Zuek Sustraia proiektua martxan jartzeko zundaketak egingo bazenituzte, Gipuzkoako ze herritan hasiko zenituzkete? Mapa hauek ez dute zalantzarako aitzakiarik uzten! Gure ustez Elgoibar da momentu honetan Gipuzkoa mailan Frackingaren ipurtzuloa, eta Euskal Herri osoan beste hirurekin lehian egongo litzateke.

Eskerrik asko Elgoibarko EAJ-PNV eta PSOE. Lan ona. Espero eskupeko edar baten truke saldu izana, bestela, zuenak bai ez daukala ez hanka ez buru.



2014-07-29

Gure Mendiak ez Ikutu! Uztailak 31 Fracking ez Gobeian eta Urbian

Ikusirik aurreko edizioetan izan duen arrakasta, eta Gipuzkoan ere Frackingaren mehatxua zabaldu dela, eta aurten Gipuzkoan ere kontrako erreakzioak ugarituz doazela, Gorbeian eta Urbian, bietan Frackingaren kontrako elkarretaratzeak egingo dira.
  • Noiz: Uztailak 31, 12:00etan.
  • Non: Gorbeiako puntan eta Urbiako fondan.
Urbiara taldean igotzeko, nahi duenak Arantzazuko Sindika aurrean egina dago hitzordua goizeko 10:00etan 
 
Info +  
 

2014-05-28

Frackingaren kontrako sinadura bilketa Elgoibarren

Haustura hidraulikoa (Fracking-a) EAEn debekatzea asmo duen Herri Ekimen Legegilea (HEL) sustatzeko sinadura bilketa martxan da azken hilabeteetan.
Elgoibarren zapatu honetan hilak 31 azoka egongo denez, sinadurak biltzen ibiliko gara kaleran, goizeko 11:00ak eta 13:00ak bitartean.
Animo, gerturatu eta sinatu zuk ere, interes ekonomikoen gainetik etorkizuna izan dezagun


Zapatuan ez bazabiltza hemendik eta sinatu nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan

Energia Berriztagarrien mugak ingurugiroarekiko

Elgoibarren.net-eko gure atarian aipatu genuenez, Irailean egin genituen Energia Burujabetza jardunaldiekin jarraitzeko, Arkaitz Iruretak berriztagarrien mugetaz hitz egin zigun.

Hasteko Berriztagarrien definizioa esplikatu zuen: Berriztagarriak dira fosiletatik ez datozen energiak. Halere, berriztagarrien artean badaude diferentziak, adibidez, ez da gauza bera garia xehetzeko errota txiki bat bere presa txikiarekin edo herri eta bailarak urpean hartzen dituen presa erraldoi bat. Biak berriztagarrien familia berekoak izan arren, ingurugiroari egiten dion kaltean oso ezberdinak dira. Preziski diferentzia honetaz jardungo dugu puntu honetan

Aurkezpen honekin hasteko, garrantzia handia eman zitzaion Biomasa deitzen dioten egurraren energia aprobetxatzeko moduari. Askorentzat sorpresa izan zen aurkezpen hau, badirudelako egun kanpaina bat dagoela Biomasan dena ona dela dioena, administrazioak ere hau bultzatzen ari dira, baina hemen ere oreka bilatu beharko litzatekela argi geratu zen. Izan ere, zein da energia sortzeko aukera honen errealitatea?

Pinudien esplotazioetako datu publiko askorik ez dagoen arren, Otazuak eginiko txosten bat oinarri hartuta, zera ondorioztatzen da: Hemengo orografia malkartsua eta eguraldi euritsua medio, bertako pinu esplotazioek kanpokoekin konpetitzeko arazoak dauzkatela prezioan. Akitaniako Landen 12 milioi hektarea lauak konpetentzia handiegia dira, eta hemengo pinudiak dibertsifikatzea izango litzateke aukera logikoena gure ustetan. Gainera, biodibertsitate eta basoen osasunaren ikuspuntutik Gipuzkoa Europako bataz bestekoaren oso azpitik dago, muga gorriaren azpitik. 
Horren adierazle dira monokultibo honek dakartzan arazoak; lurren azidifikazioa, izurriteak, suteen ugaltzea, etab. Arazoak denok jasaten ditugu eta sektoreak ekonomikoki galerak ez edukitzeko dirulaguntzen bidez mantentzen da. Garai batean pinua beste zerbait izan zen, baina gaur egun zuloa daukan saku batetara dirua botatzen ari garela iruditzen zaigu. Gure uste apalean, badaude alternatibak ingurugiroa ardatz hartuta ekonomikoki sustengarriagoak direnak etorkizuna bermatuaz.

(*badirudi azken aste hauetan bestelako notiziak datozela Gipuzkoako Foru Aldunditik, baina hitzaldia egin zenean hauxe zen ezagutzen zena)

Biomasa helburu energetikoekin erabiltzean CO2 Balantze neutroa dela diote (erretzean askatzen duen CO2a egurrak haztean xurgatu duenaren baliokidea dela), baina ez dela egia ere ikusi genuen, landaketa, jasotze eta eraldaketako CO2 kontsumoak ez direlako kontutan hartzen kalkulua egitean, ezta batzen den lekutik eraldatzen eta kontsumitzen den lekura arte dagoen garraioa ere, eta azken hau da klabea Biomasa ingurugiroaren aldetik jasangarria izateko, deszentralizatua eta lekuan lekukoa izatea, garraiorik apenas egoteko.

Horregatik, Biomasaren erabilera argi indarra ekoizteko helburuarekin ez dugu inondik inora onesten, horrek eredu zentralizatua eskatzen duelako inbertsioeri aurre egin ahal izateko. Izatekotan beroa eragiteko erabili beharko litzateke eta lekuan lekukoa, beste korronte batzutan eskatzen ari diren bezela.
(Aste batzuk beranduago Gipuzkoako Foru Aldundiko energia jardunaldi batzuetan Otazuak berak onartu zuen Biomasa argi indarra ateratzeko helburuekin ez dagoela arrazoitua Euskal Herrian).

Biomasaren inguruan gehiegi hitz egitea, bizi dugun momentuko beharra izan arren, gainontzeko berriztagarrien mugetaz ere jardun genuen:

Energiaren ikuspuntutik, lehentasuna aurrezpen eta efizientzia energetikoan egon behar da. Beti ere filosofia bera da: Kontsumitzen ez dena da energia garbiena.

Ondoren, kontsumitzen den hori sortzez Berriztagarria eta Garbia izan beharko litzateke, gure ustez. Energia berriztagarri garbietaz hitz egiteko beharrezkoa da Autosufizientziaz hitz egitea; era horretan ez dago zalantzarik naturarekin errespetagarriagoak izango direla berriztagarriok. Norbera bere baliabideetara mugatu behar denean efizientzia maila asko hobetzen da, alperrikako kontsumoak desagertzeraino.

Halere, horrekin bakarrik ezingo litzateke kontsumoa denontzat bermatu, beraz, kasuz kasu aztertu beharko da zein den egokiena, baina beti ere autosufizientziara bideratutako konbinaketa bat izan daiteke efizienteena.
Horregatik, Parke Eolikoetaz hitz egin beharrean, Errotez hitzegin beharko genuke, banaka (Europan badaude bakoitzak bere errota jartzeko esperientziak). Hidroelektrikaz hitzegin beharrean, Mini eta Mikrohidraulikaz (txikiaz), Eguzki baratzez hitzegin beharrean, teilatuetako eguzki plakez. Aukera horiek agortutakoan has gintezke baloratzen gainontzeko berriztagarrien ezarpena. Ezin da onartu enpresa handien irabazi handiak izatea instalazio horien helburu, Autosufizientziara bideratu beharko lirateke.

Gure bailaran, Deba behean aurkitzen den Mutrikun, itsas portuaren hazkunde desproportzionatu bat egin da. Portu horren muturrean olatuen indarra baliatuz argindar sorkuntza turbinak jarri dira. Honen gonbaraketa bat ikusi genuen:
  • 40 Milioi Euro xahutu dituzte dagoeneko Mutrikun, 296kwko zentrala eraikitzeko.
  • Deba ibaia Elgoibartik pasatzen den zatian 4 zentral hidroelektriko daude, 250 eta 621kw arteko potentziarekin bakoitza. 
Zentral hidroelektriko hauek momentu honetan Kaudal ekologikoa ez dute errespetatzen eta arrainen pasabiderik ez daukate (bitartean ez dira guretzat eredu), baina ikusten dugu hauetako zentral txikienaren antzeko sorkuntza ahalmena daukala Mutrikukoak, eta kostuak askoz handiagoak dira Mutrikun. Eta txarrena, ingurugiroarekiko kalte ikaragarria eragin duela Mutrikuko portu honek, eta orain entzuten dugu berriztagarrien izenean izan omen dela.
Kostua, ingurugiroari kaltea eta energia sorkuntza, hiru aldagaiak kontutan hartzeko eskatzen dugu instalazio berri bat egiten denean.
Mikrohidraulikan aditua den Gorkak (aurrerago edukiko dugu bere berri) ikerketa hau egin digu:
  • Gaur egun geldik dagoen Elgoibarko mikrozentral batean eginiko ikerketan 70kwko potentzia estimatzen du teknologia berrituarekin. 
Hauetako 4 zentralek Mutrikukoak beste energia emango luke, hauen inpaktua minimoa da (ez daude arrainak dauden eremuetan) eta kostuan erreparatuz gero, 340 mikrozentral egin ahalko genituzke aurrekontu berarekin!
Noski, ez administrazioek ez eta energia enpresa handiek ez dute interesik txiki hauetan, errentagarritasun txikia daukatelako, baina auzolanean kostuak gutxitu eta autokuntsumora bideratzea izan daiteke herritarron aukera.

Bukatzeko, Frackingaren inguruan aipamen bat egin zuen, baina hain gai konplexu eta berria denez, gonbidapena luzatu zuen Kultur etxean egon zen hitzaldirako.

Aurkezpenean erabilitako dokumentu osoa jarraian ikusi dezakezue:





2014-05-14

Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza aldatzea dela eta

Elgoibarren.net-eko gure atarian aipatutakoa

Aurreko larunbatean Apirilak 5, Gipuzkoako 16 natur talde eta erakunde ekologistek Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzarekin, eta zehatzago esanda, natur kontserbazioari eta bioaniztasunari lotutako gaiekin, legegintzaldi honetan izan dugun harremanaren balorazioa kaleratu zen. Bide batez, Berrikuntza, Landa-Garapena eta Turismo Sailean berriki egon den kargu aldaketa baloratzea ere dator jarraian.
  Okil Beltzak-ek ere testu hau sinatu du. Prentsan balorazioa egin aurretik esandakoak gezurtatu, eta gure jarrera zein den plazaratu nahi dugu honekin, lehenago ere zentzu honetan idatzi badugu ere.

  Bilduk Foru Aldundiko agintaritza aldaketaren izenean hartu zuela ikusita, Gipuzkoako mugimendu ekologistak elkarlanean aritzeko apustua egin zuen. Hamasei natur talde elkartu eta lanean hasi ginen Foru Aldundiaren arlo honetako Zuzendaritzaren kudeaketa beste norabide batean jartzeko.

  Hasieratik izan da bidea aldapatsua. Batetik, Sailen banaketa egiterakoan ingurumena bioaniztasuna eta natur kontserbaziotik bereizi zen, azken hau jarduera ekonomiko gisa planteatuz; bestetik, karguen izendapenak ikustearekin batera adierazi genuen zailtasunak aurreikusten genituela aldaketarako. Hain zuzen, egurgintzako interes pribatu jakinek bioaniztasunaren zaintzarekiko lehentasuna izaten jarrai zezaketelakoan. Hala ere, aurrera egin genuen, eta azken urte hauetan Gipuzkoako Foru Aldundian inoiz diseinatu eta garatu ez den natur kontserbazioaren aldeko plangintza egiteko oinarriak ezartzen saiatu gara.

 Proposamen ideologiko eta tekniko serioak, gaitasuna eta elkarrizketarako borondatea badituela erakutsi dugu. Ondare naturalaren kontserbazioa, defentsa eta berreskurapena ahalbidetuko duen kudeaketa-eredua ezartzeko bost txosten aurkeztu ditugu, eta dozena inguru bilera egin ditugu gure ikuspegiaren beharra eta zilegitasuna erakusteko. Bi dira ozen egin ditugun aldarrikapenak: (1) naturaren kontserbazioa eta ustiapena argi bereiztea aurrekontuetan, naturaren kontserbazioa helburu estrategiko nagusia bilakatuz, eta (2) natur ondarearen ustiapenaren plangintzan eragile sozialen (naturazaleak eta naturaren babeserako ekintzaileak) eta Udalen hitza aintzat hartzea. 
Egur-Lobby-en eragina
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak, nagusiki, bi lobbyen interesei erantzuten die, gure iritziz: (1) egurraren negozioan interesak dituzten baso-jabeen elkarteari (GEBE), eta (2) ehiza-federazioari. Baso zaleek eta ehiztariek beti izan dituzte ateak irekita Gipuzkoako Foru Aldundian, eta eurak baldintzatu dituzte sail honen norabidea, aurrekontua eta politika publikoak. Arlo horretan interes zuzena duten taldeak izanda, ulertzekoa da euren ikuspuntua kontuan hartzea. Baina, ezin da ahaztu guztiona den ondare naturala dela, biek ala biek, ustiatzen dutena, eta sail horrek kudeatu beharko lukeena: ibaiak, ura, lurzorua, kalitatezko paisaiak, basa fauna eta flora, basoak, larreak, beste habitat naturalak, prozesu ekologikoak … eta horretarako aurrekontu publikoak. Hori da Aldundiko arduradunei adierazten dieguna: guztiona den eta lehentasunez babestu beharko litzatekeen ondare naturala eta baliabide ekonomiko publikoak, gutxi batzuen interes pribatuen menpe jarri dituela. Lobby horien kudeaketa-eredua ez baita jasangarria, ez behintzat naturazaleon ikuspegitik.  
Baso-kontseilu berrian natur taldeak kanporatuta
 Baso zaleekin zuzena zen lehendik ere harremana, eta orain Baso Kontseilua sortu da baso zaleen elkartearen (GEBE), nekazal sindikatuen (EHNE, ENBA, zeinak lurjabe diren heinean, ezin dugun ahaztu ustiatzaileak direla) eta egurraren eraldaketa enpresen ordezkariekin. Natur taldeak ere partaide gara, baina azken bileran kanporatuak izan ginen. Aipatzekoa da sailean bertan lanean ari diren teknikariek, eta Mendi Ingeniaritza Eskolaren izenean kontseilu honetara aurkeztu diren agiriek arlo honetan egiten den kudeaketa nola justifikatzen duten. Baso-politika intentsiboaren ardatza den pinuaren gainbehera, eta horri lotutako negozioa, ezbaian egonda ere, status quo hau, gure ustez lotsagarria dena, defendatu eta diru publikoa orain arte bezala banatzearen alde egiten ari diren lana harrigarria da, zinez, gure iritzian. Baina ulergarria, euren negozio pribatuak bide honetatik baino ez direla errentagarriak ulertzen bada.

Basogintza-sektoreko elkarteek lantzen duten baso ustiapenaren eredua ez da jasangarria. Mendian irekitako ehunka kilometro pista, matarrasek eragiten duten higadura, espezie arrotzen monokultiboen landaketak mendiak basamortu ekologiko bihurtzeak … ez du zerikusirik naturaren kontserbazioarekin edo bioaniztasuna hobetzearekin. Eta ingurumena kaltetzen duten interes pribatu horiek guztiak, diru publikoz lagunduta daude, naturaren kontserbaziorako diru-laguntzen bitartez. Horrela uler daiteke sektoreko interesatuek egungo egoera aldatzeko adierazten duten beldurra, ustiapen hauek errentagarriak izateko diru-laguntza publikoen premia baitute. 
Ehiztariak kontserbazioaren kontura
 Ehiztariak, lotura zuzena izan dute beti sail honetako arduradunekin. Ehiza-federazioari eta baso-jabeen elkarteari milioika euro eman zaizkie, horrela, diru publikoa jarduera pribatuetarako desbideratzen delarik diru-laguntza nominatiboen bidez. Aitzakietako bat, nekazaritzan kalteak eragiten dituzten piztiak kontrolatzea ei da, baina hala balitz, diru-laguntza horiek nekazaritza sailetik bideratzea litzateke zentzuzkoena, gure ustez. Ehizaren inguruko kudeaketa naturazaleon bizkar (kontserbaziorako aurrekontuetatik) egin da. 
Partehartze publikoa bermatzea: Bioaniztasunaren Mahaia osatzearen eskaera
 Mendietako Zuzendaritzako parte-hartze publikoaren eredua (egurra, ehiza) lobbyen mesedetara eraikita eta egokituta dago: interes korporatibistak dituzten gutxi batzuek erabakitzen dute gipuzkoarren dirua nola kudeatu. Esan bezala, lobby horiena ez ezik naturazaleon ahotsa ere arlo honen kudeaketan aintzat hartzea izan da azken legealdi honetan egin dugun aldarrikapena. Horretarako, Bioaniztasunaren Mahaia sortzea eskatu dugu: guztion interesak ikusaraziko lituzkeen parte-hartze publikorako organo zabala egituratzea. Natur ondarea kontserbatzeko, ezinbestekoa da ustiapena eta kontserbazioa kontrajarriko dituzten begiradak eta diskurtsoak bateratzea. Bestela, natur ondarearen etengabeko galera pairatzen jarraituko dugu.
 Mahai horrek, ordea, ez luke zentzurik bertan urteko (eta urteetako) plangintzak aztertuko eta eztabaidatuko ez balira. Hau ere ametsa da gaur gaurkoz. Iaz sail horretako arduradunek plangintza baten egitasmoa aurkeztu baziguten ere, ia urtebete beranduago ez da ezertan gauzatu, eta larriagoa dena gure ustean, ez du aurrekontuetan eragin. 
Agintaldi honek kale egin du
 Agintaldi honetan ez genuen miraririk espero, baina posible zen, eta uste dugu zilegi dela aldaketarako oinarriak ezartzea. Gure aldetik ahalegina egin dugu. Prozesu luze honetatik gauzatu dugun lorpenik handiena Gipuzkoako natur kontserbazioaren eta ekologismoaren ahotsa bateratzea izan da. Ezagutzen ditugun talde guztiak batu gara, eta guztion artean partekatzen dugun diskurtsoa harilkatu eta proposamen zehatzen bidez bideratu dugu Gipuzkoako Foru Aldundira. Ez du balio gizarte eragileen aldeko diskurtsoak egiteak, aurrean daudenean aintzat hartzen ez badira. Horrela sentitu gara, eta horrela adierazten dugu.
Urte hauetan naturaren kontserbazioak ez du ia lekurik izan Gipuzkoako Foru Aldundian, eta ondare naturalaren defentsan, zaintzan eta kontserbazioan aritu beharko luketenak naturaren ustiapena kudeatzen ari dira. Hutsa, lehen sektorearen onerako eta gizartearen onurarako balitz, baina horretarako ere ez, lehen sektoreak bizi duen gainbehera ikusita. Baina, eredu honek badu alternatibarik. Natur eremuen zaintzatik bestelako inbertsioak eta lanpostuak eragin daitezke. Ingurumen enpresetan, I+G+i-ak, turismo jasangarrian aukera berriak, natur behatokiak, azterketak, argazkilaritza-molde berriak (birdwatching taxuzko ekimenak), edota gizartean eta hezkuntzan barneratuak dauden natur eremuekiko tailerrak (zeinak nekazaritza-eredu berriekin uztartu daitezkeen) ...
Naturaren eta basa bizitzaren kontserbazioaren arloan argi dugu legealdi honek ez duela aldaketarako aukera handirik eman orain arte. Dena dela, txalotzekoa da Mendietako eta Natur Inguruneko Zuzendariaren ordezkapena. Aldaketa horren hasiera bada, ongi etorria izan bedi. Baina, argi gera dadila, mendietako zuzendari berriarena bide baten lehen pauso gisa bakarrik uler dezakegula, eta jarraian helburuetan, planifikazioan eta organigraman aldaketak etorri beharko dutela, baita egun onartutako aurrekontu urrien tamainan eta norabide-aldaketa ere.
Zehazki, eta aurrekonturik ezean eragina sinbolikoa baino izango ez bada ere, legegintzaldi hau bukatu aurretik egin daiteke: Foru Aldundiko jabegokoak diren baso-eremuetan bioaniztasuna lehenetsiko duten plangintzak egin (monokultiboak kudeatzean natur balioen kontserbazioa lehenetsiz balizko errendimendu ekonomikoaren gainetik eta eremu horiek bertako espezieekin birlandatuz), babestutako eremuetako plangintzak Kontserbazio Bereziko Lekuen plangintzetara doitu eta eremu horietarako aurrekontuak zehaztu, eta bukatzeko, Bioaniztasunaren mahaia sortu.
•Bidelagunak izateko prest
 Ez dugu egindako bidea ezkortasunetik bizi nahi. Prozesu honek Gipuzkoako natur eragileak biltzeko balio izan du, eta elkartuta jarraitzeko asmoa erakutsi dugu. Gure lana da denon ondarea den natur kontserbazioko politika publikoen defentsa egitea, noski, ingurumenarekin benetan bateragarria den jarduera ekonomikoa ere sustatuz.

 Hala bada, Gipuzkoako Foru Aldundian ondare naturala, mendiak eta basa bizitza zaindu, kontserbatu edota berreskuratzeko bidean lana egingo duen arduradunik izendatzen bada, jakin beza bidelagun izango gaituela edo, bestela, aurrez aurre. 
Donostia, 2014ko apirilaren 5ean.