Elgoibarren.net-eko gure atarian
aipatutakoa
Aurreko larunbatean Apirilak 5, Gipuzkoako 16 natur
talde eta erakunde ekologistek Aldundiko Mendietako eta Natura
Inguruneko Zuzendaritzarekin, eta zehatzago esanda, natur
kontserbazioari eta bioaniztasunari lotutako gaiekin, legegintzaldi
honetan izan dugun harremanaren balorazioa kaleratu zen. Bide batez,
Berrikuntza, Landa-Garapena eta Turismo Sailean berriki egon den kargu
aldaketa baloratzea ere dator jarraian.
Okil Beltzak-ek ere testu hau sinatu du. Prentsan balorazioa egin
aurretik esandakoak gezurtatu, eta gure jarrera zein den plazaratu nahi
dugu honekin, lehenago ere zentzu honetan idatzi badugu ere.
Bilduk Foru Aldundiko agintaritza aldaketaren izenean hartu zuela
ikusita, Gipuzkoako mugimendu ekologistak elkarlanean aritzeko apustua
egin zuen. Hamasei natur talde elkartu eta lanean hasi ginen Foru
Aldundiaren arlo honetako Zuzendaritzaren kudeaketa beste norabide
batean jartzeko.
Hasieratik izan da bidea aldapatsua. Batetik, Sailen banaketa
egiterakoan ingurumena bioaniztasuna eta natur kontserbaziotik bereizi
zen, azken hau jarduera ekonomiko gisa planteatuz; bestetik, karguen
izendapenak ikustearekin batera adierazi genuen zailtasunak aurreikusten
genituela aldaketarako. Hain zuzen, egurgintzako interes pribatu
jakinek bioaniztasunaren zaintzarekiko lehentasuna izaten jarrai
zezaketelakoan. Hala ere, aurrera egin genuen, eta azken urte hauetan
Gipuzkoako Foru Aldundian inoiz diseinatu eta garatu ez den natur
kontserbazioaren aldeko plangintza egiteko oinarriak ezartzen saiatu
gara.
Proposamen ideologiko eta tekniko serioak, gaitasuna eta
elkarrizketarako borondatea badituela erakutsi dugu. Ondare naturalaren
kontserbazioa, defentsa eta berreskurapena ahalbidetuko duen
kudeaketa-eredua ezartzeko bost txosten aurkeztu ditugu, eta dozena
inguru bilera egin ditugu gure ikuspegiaren beharra eta zilegitasuna
erakusteko. Bi dira ozen egin ditugun aldarrikapenak: (1) naturaren
kontserbazioa eta ustiapena argi bereiztea aurrekontuetan, naturaren
kontserbazioa helburu estrategiko nagusia bilakatuz, eta (2) natur
ondarearen ustiapenaren plangintzan eragile sozialen (naturazaleak eta
naturaren babeserako ekintzaileak) eta Udalen hitza aintzat hartzea.
•Egur-Lobby-en eragina
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko
Zuzendaritzak, nagusiki, bi lobbyen interesei erantzuten die, gure
iritziz: (1) egurraren negozioan interesak dituzten baso-jabeen
elkarteari (GEBE), eta (2) ehiza-federazioari. Baso zaleek eta
ehiztariek beti izan dituzte ateak irekita Gipuzkoako Foru Aldundian,
eta eurak baldintzatu dituzte sail honen norabidea, aurrekontua eta
politika publikoak. Arlo horretan interes zuzena duten taldeak izanda,
ulertzekoa da euren ikuspuntua kontuan hartzea. Baina, ezin da ahaztu
guztiona den ondare naturala dela, biek ala biek, ustiatzen dutena, eta
sail horrek kudeatu beharko lukeena: ibaiak, ura, lurzorua, kalitatezko
paisaiak, basa fauna eta flora, basoak, larreak, beste habitat
naturalak, prozesu ekologikoak … eta horretarako aurrekontu publikoak.
Hori da Aldundiko arduradunei adierazten dieguna: guztiona den eta
lehentasunez babestu beharko litzatekeen ondare naturala eta baliabide
ekonomiko publikoak, gutxi batzuen interes pribatuen menpe jarri
dituela. Lobby horien kudeaketa-eredua ez baita jasangarria, ez
behintzat naturazaleon ikuspegitik.
•Baso-kontseilu berrian natur taldeak kanporatuta
Baso zaleekin zuzena zen lehendik ere harremana, eta orain Baso
Kontseilua sortu da baso zaleen elkartearen (GEBE), nekazal sindikatuen
(EHNE, ENBA, zeinak lurjabe diren heinean, ezin dugun ahaztu
ustiatzaileak direla) eta egurraren eraldaketa enpresen ordezkariekin.
Natur taldeak ere partaide gara, baina azken bileran kanporatuak izan
ginen. Aipatzekoa da sailean bertan lanean ari diren teknikariek, eta
Mendi Ingeniaritza Eskolaren izenean kontseilu honetara aurkeztu diren
agiriek arlo honetan egiten den kudeaketa nola justifikatzen duten.
Baso-politika intentsiboaren ardatza den pinuaren gainbehera, eta horri
lotutako negozioa, ezbaian egonda ere, status quo hau, gure ustez
lotsagarria dena, defendatu eta diru publikoa orain arte bezala
banatzearen alde egiten ari diren lana harrigarria da, zinez, gure
iritzian. Baina ulergarria, euren negozio pribatuak bide honetatik baino
ez direla errentagarriak ulertzen bada.
Basogintza-sektoreko elkarteek lantzen duten baso ustiapenaren eredua ez
da jasangarria. Mendian irekitako ehunka kilometro pista, matarrasek
eragiten duten higadura, espezie arrotzen monokultiboen landaketak
mendiak basamortu ekologiko bihurtzeak … ez du zerikusirik naturaren
kontserbazioarekin edo bioaniztasuna hobetzearekin. Eta ingurumena
kaltetzen duten interes pribatu horiek guztiak, diru publikoz lagunduta
daude, naturaren kontserbaziorako diru-laguntzen bitartez. Horrela uler
daiteke sektoreko interesatuek egungo egoera aldatzeko adierazten duten
beldurra, ustiapen hauek errentagarriak izateko diru-laguntza publikoen
premia baitute.
•Ehiztariak kontserbazioaren kontura
Ehiztariak, lotura zuzena izan dute beti sail honetako arduradunekin.
Ehiza-federazioari eta baso-jabeen elkarteari milioika euro eman
zaizkie, horrela, diru publikoa jarduera pribatuetarako desbideratzen
delarik diru-laguntza nominatiboen bidez. Aitzakietako bat, nekazaritzan
kalteak eragiten dituzten piztiak kontrolatzea ei da, baina hala
balitz, diru-laguntza horiek nekazaritza sailetik bideratzea litzateke
zentzuzkoena, gure ustez. Ehizaren inguruko kudeaketa naturazaleon
bizkar (kontserbaziorako aurrekontuetatik) egin da.
•Partehartze publikoa bermatzea: Bioaniztasunaren Mahaia osatzearen eskaera
Mendietako Zuzendaritzako parte-hartze publikoaren eredua (egurra,
ehiza) lobbyen mesedetara eraikita eta egokituta dago: interes
korporatibistak dituzten gutxi batzuek erabakitzen dute gipuzkoarren
dirua nola kudeatu. Esan bezala, lobby horiena ez ezik naturazaleon
ahotsa ere arlo honen kudeaketan aintzat hartzea izan da azken legealdi
honetan egin dugun aldarrikapena. Horretarako, Bioaniztasunaren Mahaia
sortzea eskatu dugu: guztion interesak ikusaraziko lituzkeen
parte-hartze publikorako organo zabala egituratzea. Natur ondarea
kontserbatzeko, ezinbestekoa da ustiapena eta kontserbazioa
kontrajarriko dituzten begiradak eta diskurtsoak bateratzea. Bestela,
natur ondarearen etengabeko galera pairatzen jarraituko dugu.
Mahai horrek, ordea, ez luke zentzurik bertan urteko (eta urteetako)
plangintzak aztertuko eta eztabaidatuko ez balira. Hau ere ametsa da
gaur gaurkoz. Iaz sail horretako arduradunek plangintza baten egitasmoa
aurkeztu baziguten ere, ia urtebete beranduago ez da ezertan gauzatu,
eta larriagoa dena gure ustean, ez du aurrekontuetan eragin.
•Agintaldi honek kale egin du
Agintaldi honetan ez genuen miraririk espero, baina posible zen, eta
uste dugu zilegi dela aldaketarako oinarriak ezartzea. Gure aldetik
ahalegina egin dugu. Prozesu luze honetatik gauzatu dugun lorpenik
handiena Gipuzkoako natur kontserbazioaren eta ekologismoaren ahotsa
bateratzea izan da. Ezagutzen ditugun talde guztiak batu gara, eta
guztion artean partekatzen dugun diskurtsoa harilkatu eta proposamen
zehatzen bidez bideratu dugu Gipuzkoako Foru Aldundira. Ez du balio
gizarte eragileen aldeko diskurtsoak egiteak, aurrean daudenean aintzat
hartzen ez badira. Horrela sentitu gara, eta horrela adierazten dugu.
Urte hauetan naturaren kontserbazioak ez du ia lekurik izan Gipuzkoako
Foru Aldundian, eta ondare naturalaren defentsan, zaintzan eta
kontserbazioan aritu beharko luketenak naturaren ustiapena kudeatzen ari
dira. Hutsa, lehen sektorearen onerako eta gizartearen onurarako
balitz, baina horretarako ere ez, lehen sektoreak bizi duen gainbehera
ikusita. Baina, eredu honek badu alternatibarik. Natur eremuen
zaintzatik bestelako inbertsioak eta lanpostuak eragin daitezke.
Ingurumen enpresetan, I+G+i-ak, turismo jasangarrian aukera berriak,
natur behatokiak, azterketak, argazkilaritza-molde berriak (birdwatching
taxuzko ekimenak), edota gizartean eta hezkuntzan barneratuak dauden
natur eremuekiko tailerrak (zeinak nekazaritza-eredu berriekin uztartu
daitezkeen) ...
Naturaren eta basa bizitzaren kontserbazioaren arloan argi dugu legealdi
honek ez duela aldaketarako aukera handirik eman orain arte. Dena dela,
txalotzekoa da Mendietako eta Natur Inguruneko Zuzendariaren
ordezkapena. Aldaketa horren hasiera bada, ongi etorria izan bedi.
Baina, argi gera dadila, mendietako zuzendari berriarena bide baten
lehen pauso gisa bakarrik uler dezakegula, eta jarraian helburuetan,
planifikazioan eta organigraman aldaketak etorri beharko dutela, baita
egun onartutako aurrekontu urrien tamainan eta norabide-aldaketa ere.
Zehazki, eta aurrekonturik ezean eragina sinbolikoa baino izango ez bada
ere, legegintzaldi hau bukatu aurretik egin daiteke: Foru Aldundiko
jabegokoak diren baso-eremuetan bioaniztasuna lehenetsiko duten
plangintzak egin (monokultiboak kudeatzean natur balioen kontserbazioa
lehenetsiz balizko errendimendu ekonomikoaren gainetik eta eremu horiek
bertako espezieekin birlandatuz), babestutako eremuetako plangintzak
Kontserbazio Bereziko Lekuen plangintzetara doitu eta eremu horietarako
aurrekontuak zehaztu, eta bukatzeko, Bioaniztasunaren mahaia sortu.
•Bidelagunak izateko prest
Ez dugu egindako bidea ezkortasunetik bizi nahi. Prozesu honek
Gipuzkoako natur eragileak biltzeko balio izan du, eta elkartuta
jarraitzeko asmoa erakutsi dugu. Gure lana da denon ondarea den natur
kontserbazioko politika publikoen defentsa egitea, noski,
ingurumenarekin benetan bateragarria den jarduera ekonomikoa ere
sustatuz.
Hala bada, Gipuzkoako Foru Aldundian ondare naturala, mendiak eta basa
bizitza zaindu, kontserbatu edota berreskuratzeko bidean lana egingo
duen arduradunik izendatzen bada, jakin beza bidelagun izango gaituela
edo, bestela, aurrez aurre.
Donostia,
2014ko apirilaren 5ean.