Pasa den
asteko Praileaitz kobazuloaren gaineko ekitaldiek zapore gazi-gozoa
utzi digute. Alde batetik gozoa, bailarako ondarea den Praileaitzen
aurkitzen ari diren altxorrengatik, hizlarien eta jendearen parte
hartzea bikaina izan delako, azaldu den jende kopuruagatik baita
erakutsi duten interesa eta mailagatik ere. Izan ere, galderen
txandak hitzaldiak baino luzeagoak izatera ailegatu ziren.
Praileaitzez
gain, Moruko altxorra ere atera zen galderen txandan, eta hau ezagutu
eta babesteko ere zerbait pentsatu beharko dugu.
Adibidez, sorpresa polita hartu genuen igandeko ibilaldira etorri ziren
25 lagunekin, umeak eta aiton-amonak barne, euri, lokatz, sasi eta lur
karstikoaren gorabeherei giro ederrean aurre egin baitzieten.
Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu Xabier Peñalver, Sonia San
Jose, Jabi Castro eta partehartzaile guztiei. Denok geneukan helburu
bakarra: gure ondare kulturala ezagutu eta zaintzea.
Espero dugu guk beste disfrutatuko zenutela aste honetan. Bejon deizuela.
Bestetik zapore gazia geratu zaigu, arazoak hortxe segitzen duela
erakusteko balio izan dutelako ekitaldiek. Praileaitzeko hainbat galeria
lurrez beteta daudenez ez da ezagutzen noraino iristen diren eta
babesgabe daude leherketen mendean. Kosta Legearen babesa 100 metrotik
20 metrora murrizteko asmoa betez gero, kobaren malda desagertzeko
zorian izango da. Hau da, harrobiaren interes ekonomikoak kulturaren
gainetik daude, politikariek galeriarentzat kontrakoa esaten duten
arren.
Xabier Peñalberren hitz hauek dira horren lekuko: “Os podéis imaginar
que haya un proyecto para derribar la catedral de Burgos, y que un grupo
de ecologistas haya encontrado una charca al lado con una especie de
ranas protegidas, y que el perímetro de protección de estas ranas sirva
para proteger la catedral de Burgos? Pues esto es lo que pasa en
Praileaitz actualmente. Praileaitz es patrimonio de todos, y lo tiene
que proteger el departamento de Cultura”
Alegia, Mutriku Natur Taldeak ikusi duela itsas-marea
Astigarribiaraino iristen denez, kosten legea aplikatzeak eman diola
Praileaitz kobazuloari babesa, Kulturak eman beharrean. Orain
mediterraneoko txiringitoen legeztatzea ekartzeko PPko gobernuak kosten
legea aldatzen badu, horrekin zerikusirik ez duen Praileaitzek babesa
galduko du, eta honekin guk eta ondorengoek galduko dugu betiko.
Gainera, historiaurreko arte eramangarriagatik oso ezaguna den
Ermittia I kobaren kasuan, autopistak egin zion kraterraz gain, isileko
induskariak koba ustiatzen ari direla in situ ikusi genuen. Dagokionari
eskatzen diogu babes dezala ondarea behar den bezala.
Bukatzeko, Udalak ekintzak iragartzeko kartelak kendu zizkigun beste
behin, gure esfortzua eta diru gastua biderkatuz. Etxeberria jauna, noiz
utziko diozu adierazpen eskubidea zapaltzeari?