2014-05-28

Energia Berriztagarrien mugak ingurugiroarekiko

Elgoibarren.net-eko gure atarian aipatu genuenez, Irailean egin genituen Energia Burujabetza jardunaldiekin jarraitzeko, Arkaitz Iruretak berriztagarrien mugetaz hitz egin zigun.

Hasteko Berriztagarrien definizioa esplikatu zuen: Berriztagarriak dira fosiletatik ez datozen energiak. Halere, berriztagarrien artean badaude diferentziak, adibidez, ez da gauza bera garia xehetzeko errota txiki bat bere presa txikiarekin edo herri eta bailarak urpean hartzen dituen presa erraldoi bat. Biak berriztagarrien familia berekoak izan arren, ingurugiroari egiten dion kaltean oso ezberdinak dira. Preziski diferentzia honetaz jardungo dugu puntu honetan

Aurkezpen honekin hasteko, garrantzia handia eman zitzaion Biomasa deitzen dioten egurraren energia aprobetxatzeko moduari. Askorentzat sorpresa izan zen aurkezpen hau, badirudelako egun kanpaina bat dagoela Biomasan dena ona dela dioena, administrazioak ere hau bultzatzen ari dira, baina hemen ere oreka bilatu beharko litzatekela argi geratu zen. Izan ere, zein da energia sortzeko aukera honen errealitatea?

Pinudien esplotazioetako datu publiko askorik ez dagoen arren, Otazuak eginiko txosten bat oinarri hartuta, zera ondorioztatzen da: Hemengo orografia malkartsua eta eguraldi euritsua medio, bertako pinu esplotazioek kanpokoekin konpetitzeko arazoak dauzkatela prezioan. Akitaniako Landen 12 milioi hektarea lauak konpetentzia handiegia dira, eta hemengo pinudiak dibertsifikatzea izango litzateke aukera logikoena gure ustetan. Gainera, biodibertsitate eta basoen osasunaren ikuspuntutik Gipuzkoa Europako bataz bestekoaren oso azpitik dago, muga gorriaren azpitik. 
Horren adierazle dira monokultibo honek dakartzan arazoak; lurren azidifikazioa, izurriteak, suteen ugaltzea, etab. Arazoak denok jasaten ditugu eta sektoreak ekonomikoki galerak ez edukitzeko dirulaguntzen bidez mantentzen da. Garai batean pinua beste zerbait izan zen, baina gaur egun zuloa daukan saku batetara dirua botatzen ari garela iruditzen zaigu. Gure uste apalean, badaude alternatibak ingurugiroa ardatz hartuta ekonomikoki sustengarriagoak direnak etorkizuna bermatuaz.

(*badirudi azken aste hauetan bestelako notiziak datozela Gipuzkoako Foru Aldunditik, baina hitzaldia egin zenean hauxe zen ezagutzen zena)

Biomasa helburu energetikoekin erabiltzean CO2 Balantze neutroa dela diote (erretzean askatzen duen CO2a egurrak haztean xurgatu duenaren baliokidea dela), baina ez dela egia ere ikusi genuen, landaketa, jasotze eta eraldaketako CO2 kontsumoak ez direlako kontutan hartzen kalkulua egitean, ezta batzen den lekutik eraldatzen eta kontsumitzen den lekura arte dagoen garraioa ere, eta azken hau da klabea Biomasa ingurugiroaren aldetik jasangarria izateko, deszentralizatua eta lekuan lekukoa izatea, garraiorik apenas egoteko.

Horregatik, Biomasaren erabilera argi indarra ekoizteko helburuarekin ez dugu inondik inora onesten, horrek eredu zentralizatua eskatzen duelako inbertsioeri aurre egin ahal izateko. Izatekotan beroa eragiteko erabili beharko litzateke eta lekuan lekukoa, beste korronte batzutan eskatzen ari diren bezela.
(Aste batzuk beranduago Gipuzkoako Foru Aldundiko energia jardunaldi batzuetan Otazuak berak onartu zuen Biomasa argi indarra ateratzeko helburuekin ez dagoela arrazoitua Euskal Herrian).

Biomasaren inguruan gehiegi hitz egitea, bizi dugun momentuko beharra izan arren, gainontzeko berriztagarrien mugetaz ere jardun genuen:

Energiaren ikuspuntutik, lehentasuna aurrezpen eta efizientzia energetikoan egon behar da. Beti ere filosofia bera da: Kontsumitzen ez dena da energia garbiena.

Ondoren, kontsumitzen den hori sortzez Berriztagarria eta Garbia izan beharko litzateke, gure ustez. Energia berriztagarri garbietaz hitz egiteko beharrezkoa da Autosufizientziaz hitz egitea; era horretan ez dago zalantzarik naturarekin errespetagarriagoak izango direla berriztagarriok. Norbera bere baliabideetara mugatu behar denean efizientzia maila asko hobetzen da, alperrikako kontsumoak desagertzeraino.

Halere, horrekin bakarrik ezingo litzateke kontsumoa denontzat bermatu, beraz, kasuz kasu aztertu beharko da zein den egokiena, baina beti ere autosufizientziara bideratutako konbinaketa bat izan daiteke efizienteena.
Horregatik, Parke Eolikoetaz hitz egin beharrean, Errotez hitzegin beharko genuke, banaka (Europan badaude bakoitzak bere errota jartzeko esperientziak). Hidroelektrikaz hitzegin beharrean, Mini eta Mikrohidraulikaz (txikiaz), Eguzki baratzez hitzegin beharrean, teilatuetako eguzki plakez. Aukera horiek agortutakoan has gintezke baloratzen gainontzeko berriztagarrien ezarpena. Ezin da onartu enpresa handien irabazi handiak izatea instalazio horien helburu, Autosufizientziara bideratu beharko lirateke.

Gure bailaran, Deba behean aurkitzen den Mutrikun, itsas portuaren hazkunde desproportzionatu bat egin da. Portu horren muturrean olatuen indarra baliatuz argindar sorkuntza turbinak jarri dira. Honen gonbaraketa bat ikusi genuen:
  • 40 Milioi Euro xahutu dituzte dagoeneko Mutrikun, 296kwko zentrala eraikitzeko.
  • Deba ibaia Elgoibartik pasatzen den zatian 4 zentral hidroelektriko daude, 250 eta 621kw arteko potentziarekin bakoitza. 
Zentral hidroelektriko hauek momentu honetan Kaudal ekologikoa ez dute errespetatzen eta arrainen pasabiderik ez daukate (bitartean ez dira guretzat eredu), baina ikusten dugu hauetako zentral txikienaren antzeko sorkuntza ahalmena daukala Mutrikukoak, eta kostuak askoz handiagoak dira Mutrikun. Eta txarrena, ingurugiroarekiko kalte ikaragarria eragin duela Mutrikuko portu honek, eta orain entzuten dugu berriztagarrien izenean izan omen dela.
Kostua, ingurugiroari kaltea eta energia sorkuntza, hiru aldagaiak kontutan hartzeko eskatzen dugu instalazio berri bat egiten denean.
Mikrohidraulikan aditua den Gorkak (aurrerago edukiko dugu bere berri) ikerketa hau egin digu:
  • Gaur egun geldik dagoen Elgoibarko mikrozentral batean eginiko ikerketan 70kwko potentzia estimatzen du teknologia berrituarekin. 
Hauetako 4 zentralek Mutrikukoak beste energia emango luke, hauen inpaktua minimoa da (ez daude arrainak dauden eremuetan) eta kostuan erreparatuz gero, 340 mikrozentral egin ahalko genituzke aurrekontu berarekin!
Noski, ez administrazioek ez eta energia enpresa handiek ez dute interesik txiki hauetan, errentagarritasun txikia daukatelako, baina auzolanean kostuak gutxitu eta autokuntsumora bideratzea izan daiteke herritarron aukera.

Bukatzeko, Frackingaren inguruan aipamen bat egin zuen, baina hain gai konplexu eta berria denez, gonbidapena luzatu zuen Kultur etxean egon zen hitzaldirako.

Aurkezpenean erabilitako dokumentu osoa jarraian ikusi dezakezue:





No hay comentarios:

Publicar un comentario