2013-02-04

Energia: Xahutzea eta aprobetxamendua

Jakina da energi krisia gainean daukagula, aspaldi zoro batzuri entzuten genien Peak Oil-az (Petrolioaren bukaeraz) berba egiten.
Orain, gero eta sarriago entzuten dugu, eta baita gure poltsikotan zuzenean nabaritu ere. Ez bakarrik hori, lehengaiekin ere bukatzen ari garela edo Peak everything da azken aldian gero eta gehiago entzuten ari garen hitza. Gazteleraz dioten bezela; se acabó la fiesta
  Eta aurreko sarreran genionez, horrek krisi finantzierotik ateratzea oztopatuko du, baina ez hori bakarrik, orain bidea prestatzen hasten ez bagara, etorkizunean gorriak ikusiko ditugu.
  Peak oilaz gain, energia fosilen bukaera gainera dator. Betikoek (garai batean nuklearren alde zeudenak adibidez) Fracking-a moduko barrabaskeriak proiektatzen diharduten bitartean, zentzuak esaten du energia kontsumoa gutxitu behar dugula.
  Agintariek, behin eta berriz ekoizle handiekiko eta dependentzia areagotzera jotzen dute, etorkizuna gero eta gehiago hipotekatuz.
  Okil Beltzok kezkatuta gaude Elgoibarko eta EAEko energia kontsumo eta dependentzia energetikoaz, eta okerrena, energia berdea edozeri deitzen diotela ikustea da. Manipulazio interesatu horrek sutzen gaitu!
  Energia garbiena, kontsumitzen ez den Kw-a da, beste era batean esanda, sortu behar izan ez dena, eta hori ez da kobazuloetan bizitzea. Ea bi adibidetan esplikatzea lortzen dugun:
  • Batean kontsumo arduratsua dago, alperrik gastatzen dena ez xahutzea. Logikoa dirudi, baina ez dugu horrela jokatzen. Adibidez, berogailua jarrita leihoa zabaltzea, erabiltzen ez dugun argia piztuta edukitzea, Stand By edo kontsumo fantasma deritzana (Telebista, bideo eta abarrak StandBy-an daudenean itzalduta egon arren) guztiz ez itzaltzea, errepide eta autopistetako argiteria gutxitzea, adibide batzuk jartzearren.
  • Bestean, gutxiago gastatzera eramaten gaituztenak egongo lirateke. Efizientzia energetiko altueneko gailuak erabiltzea, adibidez sukaldatzeko gasa jartzea bitrozeramika, indukzioa eta gainerako elektrikoen ordez, A efizientziadun hozkailu, garbigailu etabarrak edukitzea (eta horiek erosten laguntzea edo behartzea), garraio kolektiboa, ibilgailu txikiak eta motor txikikoak erabiltzea bultzatzea eta ez direnak zigortzea, edo errepideetako gehienezko abiadura jeistea adibidez...
  Azken kontzeptu honekin lotuta, efizientzia energetikoari begira, baina inbertsio handiago bat egin ostean, "Passive House" kontzeptuarekin topo egiten dugu, edo eraikuntza bioklimatikoekin, esate baterako.
  Passive House edo etxe pasibo kontzeptua, kanpo energiarik behar ez duen etxea da. Kasu horietan, inbertsioa egin behar bada ere, oso urte gutxian buelta ematen zaio, eta errentagarritasuna lortu, eta energia hartzen ari den preziotan, gero eta bizkorrago berreskuratzen da jarritako dirua.
  Behin kontsumoa jaitsita, autosufizientzia da hurrengo urratsa. Horretarako, energia beharra kuantifikatu behar da. REEn ikus daiteke Elektrizitate eskaria uneoro:
 

 
Eta energia behar hori asetzeko, hemen sartuko genituzke energia berriztagarriak eta fosilak gutxitu.
Energia berriztagarriak, energia fosilak edo nuklearrak ez direnak dira. Ohikoenak eguzki, ur edo haizearen aprobetxamenduak dira, baina badira beste hainbat iturri ere, edo beste batzuren konbinazioa izango litzateken kogenerazioa edo berraprobetxamendua.
Adibidez, ur beroko eguzki plakak jarriko bagenitu, etxeko ura 5ºtan egotetik plaketatik 15ºtan aterako balitz, ondoren gutxiago berotu beharko litzake gasarekin edo argindarrarekin. Energia kontsumo handiena haserako gradu horiek igotzean xahutzen da.
Energia berriztagarriek honako abantailak eduki ditzakete zentzuz egiten badira:
  • Ekoizleak txikiak dira, ez interes ekonomiko soildun enpresa handiak
  • Honek kontsumo arduratsu bat egitea dakar, energia sortzea zein nekeza den konturatzen delako ekoizle txikia, eta sortzen duenera mugatzea edukiko du helburu
  • Lekuan lekuko energia sortu daiteke, autosufizientziari bidea eginez. Ekoizle handien inpaktu ekologikoa gutxitzen da, eta ez dira autopista elektrikoak behar garraiatzeko
  • Lekuan lekuko energiak direnez, garraioan dauden galerak ekiditen dira
  • Lehengaia debalde da, inbertsioa da amortizatu behar dena.
  • Ez daude kanpo harremanen menpe, petrolioa, gasa eta abar bezela, normalean herrialde ez demokratikoek kudeatzen dituzte eta espoliatzen ditugu.
  Baina berriztagarriek arazo batzuk ere badauzkate, ura, haizea edo eguzkia, dagoenean dago, eta ez dagoenean ez, beraz, energia moeta ezberdinak konbinatzea beharrezkoa da (denak berriztagarriak izan daitezke!).
  Kontzientzia beharrezkoa da, etekin ekonomikoari begiratzen zaio ekoizleak handiak direnean. Aldiz, etekin energetikoari jasangarritasunaren aldetik begiratuko balitzaio ez lirateke berriztagarrien izenean egiten diren sarraskiak egingo.
  Enpresa handien (agintari faktikoen) negozioa asko murriztuko lukenez, gobernuak ez daude energia berriztagarriak bultzatzearen alde. Ikustea besterik ez dago nori laguntzen dioten, eta oztopoak nori jartzen dizkioten.
  Ez dugu nahi dokumentu teoriko bat egitea (interneten milaka aurkitu daitezke), baizik eta ideiekin dokumentu praktiko bat osatu, Elgoibar ekonomikoki aberatsagoa (eta aberastasuna banatuagoa), menpekotasun gutxiagorekin eta ekologikoki jasangarriagoa egiten lagunduko duena.
  Esperantza eta ilusio handiarekin gaude. Jakin badakigu gainera datorkigun peak everything edo kolapsoak bakoitza bere lekuan jarriko duela, eta orduan erantzukizunak eskatzea baino, nahiago dugu etorkizunari ateak guk geuk zabaltzea. Bide berean goazen guztiok bultza egitea besterik ez da behar.
  Horregatik, hurrengo atalean Elgoibarren egingo genituzken gauzen azterketa bat egingo dugu.
  Bitartean, Ekoguneko bideo honetako 14.minutuan Una Pascual Ekologia-ekonomilariaren hitzaldia ikustera gonbidatu nahi zaituztegu: Ekonomia berde eraginkor bat.
“Elkarrizketan, berriz, ekonomia berdea izango dugu hizpide Unai Pascual ekologia ekonomialariarekin. BC3 klima aldaketa ikertzeko euskal zentroko kidea da Pascual, eta baita Cambridgeko unibertsitateko irakaslea ere. Ez dator bat adibidez Nazio Batuen Erakundeak egiten duen ekonomia berdearen definizioarekin. Pascualen ustez iraunkortasun irizpideek izan behar dute ardatza, eta horra egokitu behar du ekonomiak, eta ez alderantziz. Rio + 20 lurraren gailurraren bezperetan jardun dugu Unai Pascualekin.”

2013-01-08

Udal honek ez ditu balio erantsia eta espekulazioa bereizten. Nahita?

Elgoibarren.netwww.elgoibarren.net/-eko gure txokoan argitaratu dugun lez:

HAPOa orain onartzea termino elektoraletan baino ez dugu ulertzen, edo kasualitatea da hauteskundeak pasa berritan onartzea? Horrek arrazoia emango liguke, beldur baitira herritarren gehiengoa (beraien botu emaileak barne) HAPO honen kontra egon daitekela momentu honetan.
  Halere, udal honen ohiko jarduera da krisira eraman gaituzteneri mesede egitea, eta horrela jarraitzen du eskuineko politikak aurrera eramanaz, etxeak kantitatean egiteko proiektuak arkitektu bulego handien eskuetan uzten, proiektu txiki eta jasangarriak egin beharrean.
  Lerun txiki bota zuten, ezer ere ez egiteko, eta bitartean etxe berriak proiektatu dituzte. Ikusi ahal izan dugu Morterika ingurua dela zemento gabe dagoen elgoibarko Deba ibaiaren zati bakarra, animalia basatientzat ura edateko leku bakarra. Poligonoa egitea 1992 urtean onartu zenez, ez dute egungo legea bete eta ingurugiro txostenik behar zementua botatzeko, horregatik ari dira orain onartzen poligono berriak, daudenak husten egon arren.
  Agian guri tokatzen zaigu espekulazioaren eta balio erantsiaren arteko ezberdintasuna azaltzea. Gu ez gara ekonomilariak, beraz, ideia esplikatzeaz gain, definizioen lotura uzten dizuegu zuek garatzeko zuen kabuz.
  Balio erantsia, zerbaiti aldaketa bat egin ondoren honen balioa hazten denean deitzen diogu, produktua hobetzea erosleak baloratzen duen terminotan. Helburua hobekuntza bat ematea da. Definizio zehatza hemen: http://eu.wikipedia.org/wiki/Balio_erantsi
  Espekulazioa aldiz, merkatuaren eskari/eskaintzak jartzen duen prezioan du zerikusia, balio arrazionaletan baino gehiago. Helburua ekonomikoa da. Hemen ere definizioa: http://eu.wikipedia.org/wiki/Espekulazio_%28ekonomia%29 eta kasu honetan espekulazioa bultzatzen ari dira Udaletik.
Ikus ditzagun adibide batzuk:
  • Elgoibarren HAPOak aurrikusten dituen 1000 etxebizitza berri egitea ESPEKULAZIO hutsaren planteamendua dela deritzogu. Iraganean krisiaren behea jotzera eraman gaituzten errezetak, ezjakinenak ere kritikatzen dituen errezetak erabiltzen jarraitzen ditu udal honek.
  • Beste kontu bat izango litzateke jada eginak dauden etxebizitzeri BALIO ERANTSIA ematea, adibidez helbarritasun bat dutenentzat edo nagusientzat egokitzea, kotxesillak eta bizikletak uzteko lekuak egokitzea portaletan, ekologikoki efizienteak egin berotzen eta hozten ahalik eta energia gutxien xahutzeko, balio erantsi honekin ongizate orokor bat lortuko litzateke, eta ez gutxi batzuren (energia ekoizle eta banatzaile handien, promotoreen, lurjabe eta bankuen) interes ekonomiko soilak asetzea.
  • Beste adibide garbi bat kiroldegia izango litzake: Mintxetara eramatea eta egun dagoen lekuan etxeak egitea ESPEKULAZIOA dela deritzogu. Aldiz, dagoen lekuan kiroldegiaren hazkundea era jasangarri batean egitea, balio erantsia litzateke: herritik kiroldegiko instalakuntzak erabiltzeko gertutasun bat legokeelako hartara, gizarte estresatu honetan ez daukagun denbora hobeto probestuko genukelako. Zer esanik ez kirola egiteko ibilgailuak ez hartzeko gonbita dela egungo kiroldegia, gertu dagoelako, eta aparkatzeko lekurik ez dagoelako oinez edo bizikletaz joatea da logikoena, herriko edozein puntutatik 5 minutu baino gutxiagoan zaude bertan. Hori da mugikortasun jasangarria bultzatzea gure ustez.
  Egungo krisia ez da soilik finantzieroa, gainera datorzkigu krisi energetikoa eta ingurugiro krisia, horiek izango dira krisi finantzierotik ateratzea luzatuko dutenak.
  Mundu finito batean hazkunde infinitoa ezin da egon. Alderdikeriak eta berekoikeriak albo batetara utzi, eta Elgoibartarron etorkizunean pentsatzeko garaia iritsi da!
 Orain lehen baino ozenago, eta jasaten ari garen krisi honen jatorriari erreparatuz, historiak ematen digun esperientziatik diogu HAPO hau ez dela herritarrontzat diseinatua, Udal buruen laguntxoentzat baizik.
Gaiari lotuta datorrela iruditu zaigunez, Midas erregearen istorioa kontatzen bukatuko dugu gaurkoa: Midas erregea, oso errege aberatsa zen, baina beti gehiago nahi, eta herritarrak zergaz itota zeuzkan. Urreak liluratzen zuen erregea zen, dena nahi zuen urrezkoa, urrearen dizdirak zeharo katiatuta zeukan. Hona hemen istoria:
Egun batean Hermes agertu zitzaion, eta berak desio zuena emango ziola esan zion.
Midas erregeak, ukitzen zuen guztia urre bihurtu nahi zuela esan zion Hermesi. Horrela bada, Hermesek, hirigintzako zinegotzi kargua eman zion lurzoruaren legearen garai ilunenean. Plano bat hartu eta bere erret atzaparra erortzen zen lekua urrezko bihurtzen zuen. Herriari itsatsitako lurrak lehenik, erreka ondoko baratzak ondoren, parke eta lorategiak, hurrunago zeuden zelai eta larreak... poliki poliki dena joan zen urre bihurtzen.
Pozez txoratzen zegoen gure erregea bere dohai berriekin. Inguruko urre merkatari handienak gerturatzen zitzaizkion mesedetxoak eskatuaz. Munduko zoriontsuena zela pentsatzen zuen. Hain zen zoriontsu, ia ia lorik ere ez zuela egiten urrezko zelaiak kontatzen.
Baina halako batean urrearen izurritea etorri zen. Urrea zen guztiari erdoila sartu zitzaion. Inork ez zuen urrerik nahi. Izurrite honi "Krisia" izena jarri zioten. Biztanle gehienak ezer gabe geratu ziren, ordura arte urrerik ez zeukana ez zelako tituludun Midasen gortean. Midas bizi zedin zergak igo eta igo, are okerrago bizi ziren ordutik. Kanpoko inork ez zuen herrialdera joan nahi krisia zela eta, eta berak kanpoan erosteko ahalmenik ez zeukan, jada ezertarako balio ez zuten lurrak zeuzkalako.
Orduan lehenago nola bizi ziren gogoratu, eta arto eta gari haziak lurrera botatzen hasi zen, baina urrearen gainean ezin zen ezer ere ernetu.
Hermesena bueltatu zen negar zotinka, eta dohaia atzera botatzeko erregutu zion, baina jada beranduegi zen, Hermes bera ere urre bihurtu zuelako. Halaxe pasa zituen Midas erregeak azken egunak, urrez inguraturik gosez hil zen arte, izan ere, laguntxook, urrea ezin da jan.

2012-12-08

AHAZTUTAKO AMETSEN HAITZULOA

PRAILEAITZ kobazuloaren aldeko aurtengo ekitaldiei amaiera ezin hobea emateko OKIL BELTZAK taldeak, ONGARRI zineklubaren laguntzarekin, Werner Herzog zuzendari germaniarraren “AHAZTUTAKO AMETSEN HAITZULOA ” filmaren emanaldia antolatu dugu
Abenduaren 13rako, gaueko 21:15ean Herriko Antzokian. Pelikula honek erakusten digun Estatu frantziarraren hegoaldean dagoen CHAUVET kobako labar-arte ikusgarriarekin aho zabalik geratuko zarete.
 
 
 

Praileaitzen etorkizuna

Pasa den asteko Praileaitz kobazuloaren gaineko ekitaldiek zapore gazi-gozoa utzi digute. Alde batetik gozoa, bailarako ondarea den Praileaitzen aurkitzen ari diren altxorrengatik, hizlarien eta jendearen parte hartzea bikaina izan delako, azaldu den jende kopuruagatik baita erakutsi duten interesa eta mailagatik ere. Izan ere, galderen txandak hitzaldiak baino luzeagoak izatera ailegatu ziren.
  Praileaitzez gain, Moruko altxorra ere atera zen galderen txandan, eta hau ezagutu eta babesteko ere zerbait pentsatu beharko dugu.
De Praileaitz
 Adibidez, sorpresa polita hartu genuen igandeko ibilaldira etorri ziren 25 lagunekin, umeak eta aiton-amonak barne, euri, lokatz, sasi eta lur karstikoaren gorabeherei giro ederrean aurre egin baitzieten.
 Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu Xabier Peñalver, Sonia San Jose, Jabi Castro eta partehartzaile guztiei. Denok geneukan helburu bakarra: gure ondare kulturala ezagutu eta zaintzea.
  Espero dugu guk beste disfrutatuko zenutela aste honetan. Bejon deizuela.
  Bestetik zapore gazia geratu zaigu, arazoak hortxe segitzen duela erakusteko balio izan dutelako ekitaldiek. Praileaitzeko hainbat galeria lurrez beteta daudenez ez da ezagutzen noraino iristen diren eta babesgabe daude leherketen mendean. Kosta Legearen babesa 100 metrotik 20 metrora murrizteko asmoa betez gero, kobaren malda desagertzeko zorian izango da. Hau da, harrobiaren interes ekonomikoak kulturaren gainetik daude, politikariek galeriarentzat kontrakoa esaten duten arren.
  Xabier Peñalberren hitz hauek dira horren lekuko: “Os podéis imaginar que haya un proyecto para derribar la catedral de Burgos, y que un grupo de ecologistas haya encontrado una charca al lado con una especie de ranas protegidas, y que el perímetro de protección de estas ranas sirva para proteger la catedral de Burgos? Pues esto es lo que pasa en Praileaitz actualmente. Praileaitz es patrimonio de todos, y lo tiene que proteger el departamento de Cultura”
  Alegia, Mutriku Natur Taldeak ikusi duela itsas-marea Astigarribiaraino iristen denez, kosten legea aplikatzeak eman diola Praileaitz kobazuloari babesa, Kulturak eman beharrean. Orain mediterraneoko txiringitoen legeztatzea ekartzeko PPko gobernuak kosten legea aldatzen badu, horrekin zerikusirik ez duen Praileaitzek babesa galduko du, eta honekin guk eta ondorengoek galduko dugu betiko.
  Gainera, historiaurreko arte eramangarriagatik oso ezaguna den Ermittia I kobaren kasuan, autopistak egin zion kraterraz gain, isileko induskariak koba ustiatzen ari direla in situ ikusi genuen. Dagokionari eskatzen diogu babes dezala ondarea behar den bezala.
  Bukatzeko, Udalak ekintzak iragartzeko kartelak kendu zizkigun beste behin, gure esfortzua eta diru gastua biderkatuz. Etxeberria jauna, noiz utziko diozu adierazpen eskubidea zapaltzeari?

2012-11-12

SOS PRAILEAITZ

Barreneko gure txokoan aditzera eman dugunez, Praileaitzen aldeko ekitaldia antolatu dogu aste honetan
Hemen egitaraua eta Barren.net -en publikatutako notizia

  Sasiolatik berri on bat datorkigu, azkenean. Izan ere, Xabier Peñalver-en lan-taldearen eskutik indusketa kanpaina berri bat abian da Praileaitzeko kobazuloan.
  Behe Madelein aldiko (K.a. 15.500) mailan topatutako zintzilikario eta tresnen garrantzia ezaguna bada, oraingoan Solutre aldiko (K.a. 17.000-19.000, aurkitutako margoen garaia) eta Gravette aldiko (K.a. 25.000) mailak aztertzea izango da helburuetako bat. Ikerketa berri hauek gauzatzeko Gipuzkoako Aldundiko Kultura Sailak 30.200 euro jarri ditu. Azken hiru urte eta erditan, gure ondare kulturala babestu behar zutenen utzikeriak Paleolitoko altxor hau desagertzeko arriskuan utzi dute: babes perimetro lotsagarria ezarri zuten, Amenabar taldeko harrobian leherketak egiten jarraitzen dute eta koba kokatuta dagoen mendi magalaren zati bat ere jan egin dute Kosta Legea hautsiz. Praileaitz haitzuloaren egungo egoerari eta bertan egin diren azken aurkikuntzei berri izan dezazuen, OKIL BELTZAK taldekook ekitaldi batzuek antolatu ditugu indusketak amaitzearekin batera.
Hona hemen programa:
  • Azaroak 13, martitzena. Filma: Labar arteari buruzko dokumentala eta Praileaitz haitzuloaren egoera legalaren azalpenak, 19:00etan Kultur Etxean.
  • Azaroak 15, eguena. Hitzaldia: Xabier Peñalver eta Sonia San Jose arkeologoak. 19:00etan Kultur Etxean.
  • Azaroak 18, domeka. Txangoa: Praileaitz-Ermittia kobazuloetara, 10:00etan Maalan.